Aurkezpena

Ezinduen eskubideek beti izan dute toki nagusia gure erakundean, talde horrek oztopo handiak aurkitzen baititu bere eskubideak baliatzeko. Erakunde honek, lanean daramatzan urteotan, jarduera anitz burutu ditu lehentasunezko helburu hau lortzeko: gizartea talde horren beharrekiko sentikorrago bihurtzea. Izan ere, estrategia hori egokia iruditzen zaigu ezinduek diskriminatuak ez izateko duten eskubidea benetakoagoa eta eraginkorragoa izan dadin eta aukera berak izan ditzaten.

Talde horrek arazo askori eta askotarikoei egin behar die aurre: hirigintza eta arkitektura oztopoei; garraiobideetara, lanera, hezkuntzara edo teknologia berrietara sarbidea izateari; neurri fiskalei; arreta goiztiarrari; ezgaitasun mailak balioesteari; aukera berberekin bizitzeko laguntza teknikoei...

Ezinduen Europako urtea ospatu zenean, 2003. urtean, txosten berezi hau aurkeztu genion Eusko Legebiltzarrari: Euskal Autonomia Erkidegoan erabilera publikoa duten eraikinen irisgarritasuna. Txosten hartan aztertu nahi zen administrazio publikoak −hau da, Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak− zer neurritan konprometitu ziren kontu horrekin, eta zenbateraino bete zituzten ezarritako betebeharrak.

Orobat, 2003. urtean bertan, Pertsona ezgaituen lanerako aukerak EAEn izenburuko txosten berezia aurkeztu zen. Oso egoera ahulean zeuden ezinduen talde handi bati buruzkoa zen (lan egiteko adinean zeuden 60.000 lagun edo), eta garrantzi izugarriko gai bat jorratu zuen: hain zuzen, gure gizartean, ordaindutako lana lortzea dela, pertsona askorentzat, gizarteratzeko bide nagusia.

Mugikortasuna, batetik bestera higitzeko ahalmentzat hartuta, ezinbestekoa da pertsona bat gizartean, kulturan eta ekonomian txertatzeko. Norbanakoaren eskubidea da eta horrelaxe ulertu eta tratatu behar da gizartean. Hala ere, egiaz, oraindik etengabeko oztopoak daudenez gero, batez ere garraio arloan, Arartekoa hainbat kexa jasotzen aritu da gai horren gainean. Kexa horien berri idatzia eman dugu elkarren jarraian egin ditugun urteko hainbat txostenetan.

Besteak bezalaxe eta nor bere kabuz garraio-sistema publiko eta pribatuetan sarbidea izatea eta garraio horiek erabiltzea da mugikortasun urriko pertsonei gizarteratzen eta gizartean parte hartzen laguntzeko funtsezko zutabeetako bat.

Horrexegatik, norberaren arazoak garraio-azpiegituren azterketa orokorrera hedatu behar direlako erabaki genuen, hain justu, garraio publikoaren irisgarritasunaz txosten berezi bat egitea. Txosten honen bidez, egoeraren argazki benetakoa izan nahi dugu, gizarteari eta erakunde eskudunei ezagutarazteko, erabaki estrategikoak har daitezen antzeman daitezkeen gabeziak konpontzeko.

Txosten bereziaren oinarrizko azterketa Consultrans enpresari esleitu zitzaion. Enpresa horrek eskarmentu handia du sektore horretan, eta lan zehatza eta interes publiko eta pribatu handikoa egin du.

 

Txostenaren helburuak eta irismena

Txostenaren helburua zen EAEko garraio sistema publikoaren akatsak eta gabeziak identi­fikatzea, mugikortasun urriko pertsonen joan-etorrien segurtasunari eta funtzionaltasunari dagokienez.

Txosten osoaren oinarrian −Arartekoaren eguneroko lanean bezalaxe− ezintasunaren ikuspegi hau agertzen da: irisgarritasun unibertsala sustatzea, guztientzako diseinuaren premisatik abiatuta. Horrela gauzatu ahal izango dira gizartearen eta dibertsitatearen ereduak, Ezinduen Eskubideei buruzko Hitzarmenak aldarrikatzen duen moduan. Hitzarmen hori NBEren Batzar Nagusiak onartu zuen, 2006ko abenduaren 13an.

Irisgarritasunaz hitz egiten dugunean, ezinbestean mugikortasunari lotuta dagoela nabar­mendu behar dugu; bata besteari uztartuta daude.

Mugikortasun urriko pertsona da joan-etorrietarako eta garraio-sistemak bere kabuz eta funtzionalki erabiltzeko zailtasunak dituen edonor. Gaitasun urritze hori aldi baterakoa izan daiteke, edo ezintasun fisiko, psikiko edo zentzumenezko batek eragindakoa; era berean, ezintasun hori adinaren ondoriozkoa izan daiteke, edo beste arrazoi batzuek sortua.

Azterketa-diagnostikoaren barruan sartu da Euskadiko hiru lurralde historikoetako garraio publikoaren sistemaren sare osoa, alegia, sare erregularra, jendeak oro har erabilitakoa, jatorria edota helmuga EAEn duena. Horregatik, azterketa horretan honako hauek hartu dira kontuan: 15 trenbide; jardunean dauden bi tranbia sistemak (Bilbokoa eta Gasteizkoa); Bilboko metropoli sistema; errepide sistema (hiriko, hiriarteko eta ibilbide luzeko lineak); eta, azkenik, Euskal Herriko hiru aireportuak.

Eskumenen esparruan, maila askotako egitura dugula ikusten da, eskumenak baitituzte Estatuak, autonomia erkidegoak, foru aldundiek edo udalek. Hala ere, Arartekoak EAEren lurraldean kokaturiko garraio-sare osoa aztertzeko apustua egin du, kudeatzaileak edo operatzaileak erkidegoaren lurralde barruan egon ala ez, izan ere, horrela jokatuz bakarrik lor daiteke egoera horren benetako irudia, gure erkidegoan joan-etorrian dabiltzan pertsonei informazioa emateko balioko duena. Beraz, gomendioetako batzuk gure lurraldeaz kanpoko organo batzuentzat dira.

Diagnostikoa egiteko prozesuan, irisgarritasun-katea deritzana osatzen duten hiru segmentu edota etapa aztertu dira:

        – Lehen segmentuak kanpoko irisgarritasunarekin du lotura, hau da, kalearen eta garraio-ekipamenduaren artean (estazioa, geltokia, terminala, geralekua) dagoen ibilbide irisgarri edo erabilgarriarekin.

       – Bigarren segmentua barruko irisgarritasuna da: ekipamenduaren barruko joan-etorriak eta garraio ibilgailurako sarbidea.

       – Azkenik, hirugarren segmentuan ibilgailu barruko garraio-baldintzak aztertzen dira.

 

Txostenaren helburu osagarriak honako hauek dira:

       – Gai honi buruzko araudi guztiaren ikuspegi globala ematea, nazioartean, Estatuan edo autonomia erkidegoan.

       – Garraio-sistema bakoitzean jarduteko lehentasunezko plana ezartzea, antzemandako gabeziak zehaztuz eta garraioan irisgarritasun unibertsala lortzeko beharrezkoak diren konponbideak proposatuz.

       – Egoeraren irudia eta agertoki objektiboa ematea, erakundeen eta enpresen arduradunek erabakiak modu egokian hartu ahal izan ditzaten.

       – Erakundeei, enpresei eta gizarteari neurriak hartu behar direla ohartarazten lagun­tzea, emaitzak jendaurrean zabaltzeko kanpaina bat abiaraziz.

       – Gai honetan eskumena duten erakundeei zuzendutako gomendioen proposamena egitea.

 

Metodologia: diagnostikoa egiteko tresnak

Azterlan honetan, erakunde publiko eskudunetako arduradunekin eta teknikariekin egindako hainbat elkarrizketa bildu dira, baita ezgaitasunaren gaineko gizarte-eragileekin eta garraioaren plangintza, kudeaketa eta operazioarekin lotutako erakundeekin egindakoak ere. Horiei denei eskatutako informazioak ere sartu dira. Guztira, 25 elkarrizketa egin dira buruz buru.

Lan handia egin da tokian bertan egoera behatzen, eta grafikoki jaso dira azterlanean barrena esanguratsutzat agertu diren puntuak. Ikustaldiak egin dira tren-estazio, autobus terminal, aireportu eta metro nahiz tranbia geltoki guztietara.

Lan hori guztia elementu grafikoen bidez (argazkiak) eta ikerketa-fitxak betez egin da eta halaxe sartu da azterlanean. Argazki eta fitxa horiei esker, xehetasun baliotsuak eskuratu dira, duda barik; izan ere, xehetasun horiek sistematizatzea oso praktikoa da eta garraio-sistema bakoitzean hainbat elementu konparatzea ahalbidetzen du.

Gainera, datuak ustiatzeko orduan, metodologia berriztatzailea erabili da, bi tresna mota eskaintzen dituena:

       – gabezien matrizea, kuantitatiboa. Hortik dator irisgarritasun indizea;

       – irisgarritasun diagrama, kualitatiboa. Garraio-sistema bakoitzaren irisgarritasunaren ikuspegia izatea ahalbidetzen du, sistema bakoitza osorik ebaluatuta.

 

Txostenetik ateratako oinarrizko ideia batzuk

Arestian aipatu dugun mugikortasun urriaren ikuspegi osoa dela eta, esan daiteke gaur egun EAEn bizi diren biztanleetatik %37,3 har daitezkeela mugikortasun urriko pertsona­tzat. Portzentaje hori areagotuz joango da, etorkizunean Euskadin zahartze-tasak gora egingo duela kontuan hartuta.

Txostenean argi adierazten dira zein jarduera diren presakoak benetako arrisku egoerak ekiditeko estazio, trenbide-pasagune, nasa eta abarretarako sarbideetan. Beste datu batzuk ere ematen dira, adibidez, Euskal Herriko udalerri batzuetan taxi egokiturik ez dagoela.

Trenbide-sare osoan ez dago komunikazioa errazteko neurririk ikusmen edo zentzumen urriko pertsonek informazio egokia lortu ahal izateko.

Estazio eredugarriak izateko ahalegin handia egiten ari den arren, batik bat hiriburuetan, ahalegin hori ez da oso eraginkorra irisgarritasunaren ikuspuntutik, bada irisgarritasunari ez zaio kate osoan eusten, jatorrizko lekutik helmugaraino.

 

Ondorioak eta gomendioak

Txostenean ondorio zehatzen atala agertzen da, garraio-sistemen arabera bereizita. Atal hori osatzeko, bukaerako ondorio bat atera da: hain zuzen, oraindik lan asko dagoela egiteko. Lan hori egiteko, askotan, garraio-azpiegitura osoaren ikuspegi orokorra hartu behar da abiapuntu, eta zenbait agintari eskudunen arteko lankidetza behar da. Horrela bermatuko dira konponbide orokorrak, bada, azaldu dugunez, jarduera zehatzak −nahiz eta interesgarriak eta eredugarriak izan− ez dira eraginkorrak irisgarritasunaren ikuspuntutik, izan ere, mugikortasun urriko edonork ez du bidaia bat hasiko irisgarritasun-katea osoa ziurtatuta ez badauka. Era berean, gomendioak (guztira, 18) garraio-sistemen arabera antolatu dira eta, horien barruan, administrazio eskudunen edo azpiegituraren operatzaile edo kudeatzaileen arabera, ikuspegi sistematikoagoa izateko.

 

Formatuak eta txosten bereziaren ondoriozko beste produktu batzuk

Txosten hau, Arartekoaren argitalpenetan ohikoa denez, liburu formatuan eta CD euskarri digitalean argitaratuko da[1], baina formatu elektroniko berri bat ere erabiliko da web orrialdearen barruan, guztiz nabigagarria eta hainbat euskarritan: pdf, html, xml. Horiek erabilera erraztuko dute, baita ere web orrialdeko datu ireki guztiak (open data) webaren berriztatze-atalean kargatzea. Horrela datu horiek libreki berriz erabili ahal izango dituzte herritarrek.

Datuak berriz erabiltzeko aukera dagoela jakinarazteko, hain zuzen, creative commons lizentzia gehitu zaio; horrek txostena berrerabiltzeko aukera onartzen du.

Era berean, 2011. urtean, txosten honek emandako datuetatik abiatuta, Arartekoak jendearen esku jarriko du irisgarritasun-mapa elkarreragile bat, informazio hori era dinamikoan eskuratu ahal izateko. Eskuragarri egongo da, halaber, www.ararteko.net web orrialdean.

 

Esker ematea

Oso pozgarria da eta, aldi berean, nahitaez aipatu beharrekoa, txosten hau egitean laguntza handia, oparoa eta eraginkorra eman digutela erakundeek, operatzaileek, azpiegituren kudeatzaileek eta abarrek, gure autonomia erkidegokoek nahiz Estatukoek.

Orobat, ezinduak babesten diharduten elkarte batzuek ere −esaterako, ELKARTU, EDEKA, FEKOOR eta ONCEk− eskuzabaltasun osoz lagundu digute eta kontraste-elementu interesgarriak eman dizkigute.

Eskerrik asko guztiei zuen laguntzagatik.

 

Iñigo Lamarca Iturbe

ARARTEKOA

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroa

 



[1] CD formatuan auditoretza fitxak sartu dira, garraio-sistemen arabera antolatuta. Horiek behaketa kanpainaren ondoriozkoak dira.