DIMAKO UDALAK HITZEMAN DU HIZKUNTZA-IRIZPIDE BATZUK ONARTUKO DITUELA HERRITARREKIN HARREMANETAN EGOTEKO, ARARTEKOAK GOMENDATU ZION MODUAN



Vitoria-Gasteiz

Dimako herritar batek Arartekora jo zuen. Izan ere, ez zegoen ados udalak berari nahiz herritar guztiei orokorrean bidalitako zenbait jakinarazpen euskara hutsean argitaratu izanarekin.

Kexagilea ez zen jakinarazpen horietan euskara erabiltzeagatik kexatzen, baizik eta, jakinarazpen horien gaztelaniazko bertsioa argitaratzen ez denez, hizkuntza ofizial horretan bakarrik hitz egiten dutenek ezin dutelako jakin zer dioten idatziek, jakinarazpen horiek argitaratzen diren bakoitzean udal bulegoetan itzultzeko eskatu ezean.

Herritarrak esan zigunez, behin baino gehiagotan kexatu zitzaion udalari horregatik, eta hark bidaltzen zizkion jakinarazpen pertsonal batzuk elebitan idatzita egotea lortu zuen. Nolanahi ere, ez zela beti horrela gertatzen ziurtatu zuen, eta adibide gisa, zirkulazioaren gaineko zerga aipatzen zuen; antza denez, euskara hutsean bidali zioten.

Dena den, kexagileak azpimarratu zuen udalak herritar guztientzat bidalitako jakinarazpenak euskara hutsean argitaratzen jarraitzen zuela, eta udalari horretaz kexatzen zitzaion bakoitzean irtenbide bakarra eskaintzen ziotela: bulegoetara joatea bertan itzul ziezazkioten.

Kasua behar bezala aztertu ondoren, hizkuntza-irizpide batzuk gomendatu zizkion Arartekoak Dimako Udalari herritarrekin harremanetan jartzeko garaian:

- Banakako harremanetarako, euskara erabiltzeko lehentasuna alde batera utzi gabe, harreman horietarako pertsonak argi eta garbi hautatutako hizkuntza ofiziala baliatu behar da.

- Udalaren babesen bat duten aldizkako argitalpenak euskaraz soilik argitaratuta egoteak ez du, berez, herritarren eskubideen kontra egiten.

- Herritar guztiek ezagutzeko udal-bandoak edo deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan argitaratu beharko dira.

Udalak baiezkoa eman dio Arartekoaren gomendioari, eta erakunde honek oso ontzat jo du udalaren ahalegina.


Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 10a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad