IBEROAMERIKAKO HERRIAREN DEFENDATZAILEEI LAGUNTZEKO ESKUALDEKO PROGRAMAREN NAZIOARTEKO IV. BILTZARRA



Madrid

Gaur hasi da Madrilen Iberoamerikako Herriaren Defendatzaileei Laguntzeko Eskualdeko Programaren IV. Biltzarra, eta bertan parte hartzen ari dira Manuel Lezertua arartekoa eta Julia Hernández bere ondokoa.

Topaketa horretan, Manuel Lezertua arartekoak mahai-inguru batean parte hartuko du gaur, gai honen gainean: "Ombudsmana eta ura eta ingurumen egokia izateko eskubideak".

Lezertuak gai horretaz Arartekoan jasotzen dituen kexak aipatuko ditu: adibidez, bizilekuetan eragozpenak sortzen dituztela ostalaritza jardueretatik edo bide-azpiegituretatik datorren zaratak, usainek eta industri prozesuen ondoriozko aire-kutsadurak. Halakoetan, kexatzeko arrazoi nagusia izaten da administrazioak ez diela erantzuten hainbat arazori: eragozpenetatik hasi eta oso arriskutsuak izan daitezkeen jarduerei; horietako batzuek osasun-arazo larriak eragin ditzakete.

Zergatik gertatzen dira halako disfuntzioak administrazioak bere kontrol-lanean esku hartzeko dituen mekanismoetan? Ingurumena kontrolatzeko plangintzarik ez dagoelako, erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetu behar direlako, ingurumen egokia izateko eskubidea ezarri eta betearazi behar delako, ingurumenaren kontrol-lanean poliziaren lana bultzatu behar delako, besteak beste.

Arartekoak ingurumena kontrolatzeko egiten dituen proposamenen eta iradokitzen dituen neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

· Elkartzeko foro bat mantentzea, ingurumenaren kontrol-lanean erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko.

· Ingurumen arloko zuzenbidea ezartzen laguntzea.

· Erakunde guztiak Ingurumen arloko Fiskaltzarekin elkarlanean aritu daitezen sustatzea.

· Poliziaren ingurumen arloko unitatea indartzea eta finkatzea.

· Herritarrek parte hartzeko tresna gehiago jartzea.


Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad