BIODIBERTSITATEA, BIZI-ITURRIA


Duela 38 urtez geroztik, ekainaren 5ean Ingurumenaren Eguna ospatzen dugu gure planetan. Izan ere, egun horretan hasi ziren Nazio Batuek Giza Inguruneaz egindako Biltzarreko bilerak (Stockholmen, 1972ko ekainaren 5etik 16ra bitartean). Ospakizun horren bidez, Nazio Batuek nazioarteko gobernuei eta erakundeei proposatzen diete jendeari ulertaraz diezaiotela zein garrantzitsua den gure natura-ingurua garapen iraunkorraren bidez babestea.

"Espezie asko. Planeta bakarra. Etorkizuna" esapidea aukeratu da 2010. urtean egun hori ospatzeko. Gai horrek 2010. urtea aldarrikatzen du Dibertsitate Biologikoaren nazioarteko urte gisa. Gure planetako espezieen eta horien habitaten aniztasuna gordetzeko konpromisoa hartu dute nazioarteko erakundeek. Horrela, zenbait gobernu Rio de Janeiron bildu ziren, Nazio Batuen Biltzarrean, Ingurumenaz eta Garapen Iraunkorraz hitz egiteko. Orduan, gobernuek proposatu zuten ingurumenaren eta garapenaren arteko oreka bideragarri eta bidezkoa lortzeko erronkari aurre egitea. Horretarako, Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena baliatzea erabaki zuten, hor sustatzen baita dibertsitate biologikoa zaintzeko eta modu iraunkorrean erabiltzeko estrategia, plan edo programak egitea.

Nazioarteko estrategia horrek hainbat mailatan eman ditu fruituak. Europar Batasunean, Batzordeak komunikazio bat egin zuen 2006ko maiatzean, 2010erako biodibertsitatearen galera geldiarazteko eta gizakien ongizaterako ekosistemen zerbitzuak babesteko. Estatuan, Dibertsitate Biologikoaren Erabilera Iraunkorra lortzeko Espainiar Estrategia prestatu da. Gure autonomia erkidegoan, biodibertsitatea babestea aintzat hartzen da 2007-2010eko Ingurumeneko II. Esparru Programako helburuetan. Dibertsitate biologikoaren galera geldiaraztea da helburu programatikoetako bat, habitatak nahiz lurreko eta itsasoko ekosistemak babestuz eta horien jarduera iraunkorra berreskuratuz. Helburuok dagoeneko jasota daude Eusko Jaurlaritzaren "2009-2014ko EAEko Biodibertsitate Estrategia" izeneko txostenean. Agiri horrek euskal administrazioen helburu programatikoak islatzeko balio izan du: alegia, biodibertsitaterako garrantzitsuak diren arloak babestu eta hobetzea, eta biodibertsitatea beste politika publiko batzuetan sartzea.

Erakundeek eta estrategiek aurrera egin duten arren, oraingo egoera kezkagarria da. Hondamen ekologikoek zailtasun izugarriak iragartzen dituzte funtsezko erronka horri aurre egiteko. Hortxe dugu, adibidez, Mexikoko Golkoan petrolio-plataforma bat lehertzearen ondorioz sortu den petrolio gordinaren milagarren isurketa.

Euskadin, lehen aipatu ditugun aurrerapenak gorabehera, biodibertsitatea arriskuan dago oraindik ere. Fauna ornodunaren 400 espezie inguru ditugu; horietatik 42 larriki mehatxatuta daude eta 34 espezie desagertzeko arriskuan. Flora baskularrari dagokionez, 3.000 espezie ingurutik, 44ren bat larriki mehatxatuta daude. Honatx narriaduraren zergatiak: nekazaritza, baso edo hirigintzako erabilerak ugaritzea, espezie inbaditzaileak sartzea, kutsadura, babestutako eremuak modu egokian ez kudeatzea edo klima-aldaketa. Funtsean, espezie bakar batek sortu ditu zio horiek: gizakiak, hain zuzen. Habitat naturalak babesteari buruz, Euskal Autonomia Erkidegoko azalera osoaren %20a dira Natura 2000 Sarean sartuta dauden eremuak. Hala ere, oinarrizko lan batzuk oraindik egiteke daude, hala nola itsas eremuen sarea diseinatzea, babestu beharreko eremu bereziak zeintzuk diren zehaztu eta onartzea edo igarobide ekologikoen oinarrizko sarea garatzea.

Gaur bezalako egun seinalatuan, Ararteko erakundeak lagundu egin nahi du, bere eskumenak erabiliz, ingurumen egokia izateko eskubidea sustatzen, behar-beharrezkoa baita. Europako, Espainiako eta Euskadiko erakundeek hartutako konpromisoak sendo egin behar du aurrera. Biodibertsitatea babesteko politikak ere aurrera egin behar du gai honekin lotura duten sektoreko beste politika batzuekin koordinatuz, esate baterako, lurralde-antolamendu, hirigintza edo nekazaritza eta abeltzaintzako politikekin. Estrategia honetan, oso garrantzitsua da informazioa lortzeko bidea erraztea, eta ingurumenaz arduratzen diren pertsonek eta elkarteek modu eraginkorrean parte hartzea dibertsitatea zaindu eta babesteko planak egiteko prozesuetan.

Beraz, egin dezagun gogoeta une batez. Lurra planetako bizia, jakina denez, bere barietatearen emaitza da. James Lovelock zientzialariaren esanean, organismo guztiek, elkarrekin jardunez, sistema aktiboa osatzen dute, eta sistema horren helburua da Lurra modu egokian zaintzea, bertan bizi ahal izateko. Nazioarteko komunitateak eta gobernuek jada jarri dituzte biodibertsitatearen galera geldiarazteko zumeak. Baina helburu horrek epemuga jakin bat zuen, eta dagoeneko iritsi da: 2010. urtea. Oraindik ere gertatzen dira, ordea, mehatxuak, hondamendiak eta arriskuak. Horregatik, milurteko honetako helburu garrantzitsu hori bete nahi badugu, orain arte baino erneago egon behar dugu.

Iñigo Lamarca, Julia Hernández eta Carlos Barcina
Arartekoa, Ondokoa eta Aholkulari koordinatzailea

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad