MAIATZAREN 12A, SENTSIBILIZAZIO ZENTRALARI LOTUTAKO GAITZEN NAZIOARTEKO EGUNA



Gara, Diario de Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias de Álava

Fibromialgia, Neke Kronikoaren Sindromea, Sentsibilitate Kimiko Anizkoitza edota Elektrohipersentsibilitatea duten pertsonen Nazioarteko Egunean, Ararteko erakundeak elkartasuna eta enpatia erakutsi nahi die horiei denei, baita beren familia eta gizarte inguruko beste hainbat pertsonari ere, gaixotasun horiek zuzenean eragiten baitie.

Lau gaixotasun horiek ezaugarri komun batzuk dituzte:
- Sentsibilizazio zentralari lotutako gaitz kronikoak dira.
- Inguruko faktoreekin lotura dute.
- Era askotako zailtasunak daude gaitz horiek diagnostikatzeko, nahiz eta diagnostiko horren irizpideak nazioartean dagoeneko ezarrita dauden.
- Laneko gaitasuna, norberaren autonomia eta gizarte-bizitza aldatzen dute.
- Ez dute sendabiderik. Horregatik, tratamendu aringarrietan edo gaixoaren bizi-kalitatea bermatuko duen ikuspegi soziosanitarioan oinarritutako tratamenduak behar dituzte, gaixoen autonomia eta zaintza sustatzeko, andeatzea prebenitzeko eta tratu- eta aukera-berdintasuna izateko.

Gaitz horiek denek mina eta sufrimendua dakartzate berekin, eta gaixoek, oro har, gizartearen eta osasun, gizarte, hezkuntza eta beste arlo batzuetako instantzien izugarrizko ulertu ezinari egin behar diote aurre. Sarritan, gaixoak lau gaitz horietako bi, hiru edo lau ere pairatzen ditu. Badirudi lotura argia dagoela gaixotasun horiek ugaritzearen eta ekintza hauek burutzearen artean: atmosferara nahiz uretara substantzia toxikoak isurtzea, janarietan, garbiketa eta higiene produktuetan, eraikinetan, eta abarretan produktu kimikoak erabiltzea, produktu horiek kaltegarriak ez direla egiaztatu gabe.

Eragindako administrazioek erabateko arreta eskaini behar diete pertsona horiei osasun eta gizarte arloetan; prestakuntza bermatu behar diete osasun arloko profesionalei, justizia epaitegietakoei eta, oro har, zuzenean kasu egiteko zerbitzu publikoetakoei; prebentzioa txertatu behar dute hezkuntza curriculumean; ikertu egin behar dituzte gaixotasun horien etiologia eta tratamendua; ingurumena babestea eta hobetzea ahalbidetu behar dute eta, beren jardueretan aintzat hartu behar dituzte zuhurtasunaren, gardentasunaren eta ingurumenari buruzko informazioaren printzipioak, beste neurri batzuen artean. Herritar garen aldetik, pertsona horiek ulertzeko, onesteko eta integratzeko erantzukizuna dugu, baita haien bizi-kalitatea hobetzeko erantzukizuna ere, arduraz kontsumituz eta ingurumena errespetatuz; azken batean, gure bizi-kalitatea ere bada eta.

Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Declaraciones del Ararteko
Erakunde adierazpena 2012-05-12 Erakunde adierazpena 2012-05-12
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad