URRIAK 1, ADINEKOEN NAZIOARTEKO EGUNA



Berria

Unibertsitatera itzultzea edo bertara estreinakoz joatea; ezinbesteko kide bihurtzea seme-alabek familiako eta laneko bizitza bateratu ahal izateko iloben zaintza bere gain hartuta; inguru hurbileko mendeko pertsonen ardura hartzea; irabazteko asmorik gabeko elkarteetan parte hartzea; arrazoi bat edo beste dela-eta bizitzan zehar gauzatu ez ziren ilusioak egi bihurtzea; lan esperientzia zabala eskatzen duten proiektuetan aholkutzat balio izatea edo zaintza eta babes bereziak behar izatea gure adinekoek egunero eskaintzen dituzten aurpegi ugarietariko batzuk dira.

Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpen garrantzitsua, hala nola, ezagutza eta esperientziaren igorpena, formakuntza, sormena, etab., baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere, adineko horien parte hartzea ahalbidetzen duten eta zahartzaroa ahalmenenez edo gaitasunez beteriko bizi etapa gisa agerian jartzen duten politika publikoen garapenean jaso behar dira; gizarte aldaketarako bidea eman duten eta adinekoei merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna ematen dieten politikak.


Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Sailak burututako ikerketa batek adierazi duenaren arabera, adinekoen % 45 inguruk laguntza informala eskaintzen du (bai osasun egoeragatik hala behar duten senideei, bai iloben zaintzan) eta % 23k besterik ez du jasotzen. Beraz, herritarraren balantzeak adierazi duenez, adinekoek, gizartean dauden estereotipoen aurrean, zaintzak jaso baino, zaintzak eskaintzen dituen taldea osatzen dute bereziki.

1991n, Nazio Batuen Batzorde Orokorrak Nazio Batuen adinekoentzako printzipioak ezarri zituen: independentzia, parte-hartzea, duintasuna, bertaratzea eta autorrealizazioa, eta gobernuak sustatu zituen printzipio horiek nazio mailako politika eta programen oinarri izan zitezen. 2002an, Zahartzeari buruzko Mundu mailako Bigarren Batzordeak Zahartzeari buruzko Madrilgo Nazioarteko Ekintza Plana onartu zuen, XXI. mendeko herritarren zahartzearen aukera eta erronkei erantzuteko eta adin guztietarako gizartearen garapena sustatzeko; guztira 239 gomendio zituen. 2008an Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietako Sailak Gida argitaratu zuen aplika zezan eta bertan azpimarratu zen "adinekoei bereziki zuzendutako eta euren interesak eta kezkak gaineratzen dituzten politika eraginkorrak garapenaren alor guztietan burutzeko beharra, baita adin talde guztien ekitatea eta parte-hartzea azpimarratuko duen belaunaldi arteko ikuspegi integrala abian jartzeko beharra ere." Uneko testuinguruan, horrek ez dakar adinekoei zuzendutako politikak diseinatzea, haien inguruko politikak burutzea baizik, hala nola, adinekoak politika publikoetan eta horien diseinuan gaineratzea, garrantzitsuak izan daitezkeen esparru guztietan.
OMEren Zahartzea eta Bizitza Zikloa programa edo Adinekoentzako munduko hiri atseginak proiektua gisako ekimenak aintzat hartu beharreko ekarpen interesgarriak ere badira.

Nazioarte mailan zein inguru hurbilenean emandako urratsak ukatu ezin ditugun arren, bizi dugun errealitateak gabeziak eta hutsuneak erakusten dizkigu oraindik ere. Adinekoek gizartean, garapenean eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartuko dutela, ezagutzan, hezkuntzan eta trebakuntzan sartu ahalko direla; osasun eta ongizate maila hobetuko direla eta bizitza duina izateko aukera eskainiko dien ahalmen ekonomikoa izango dutela ziurtatuko duen botere publiko eta sozietate zibilaren lan bateratua beharrezkoa da.

"Zahartze aktiboaren" kontzeptua, politika publikoak lantzean azken urteetan antzeman dena, adinekoen giza eskubideen onarpenean eta arestian aipatutako printzipioetan oinarritutako paradigma interesgarria da. Azken helburu gisa pertsona orok ongizate fisiko, sozial eta mentalaren potentziala buru dezan lortu nahi dugu, eta gizartean parte har dezan bere behar, desio eta ahalmenen arabera, hala behar duenean, babes, segurtasun eta zaintza egokiak jasoz.
Ekin lanari, helburua finkatuta dago jada.

Iñigo Lamarca
Arartekoa

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad