EAE-KO HAURREN, NERABEEN, GAZTEEN ETA HELDUEN BURUKO OSASUNAREN ARRETAREN INGURUAN EGINDAKO HURBILKETA: ERRONKAK ETA AUKERAK



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak honako izenburuko azterlana eman du argitara: EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak. Bertan, talde bereziki ahul horien buru-osasuna artatu eta babestearen arloan euskal herri-administrazioek azken urteotan egin duten ahalegin handia aitortu du. Aldi berean, ekimen berriak behar dituzten gaiak nabarmendu ditu.

Azken urteotan ikusi dugunez, bultzada azpimarragarria eman zaio honako baliabide hauek sortu, ezarri eta hobetzeari: heldu, haur eta gazteen buru-osasuna zaintzeko zentroak; ospitaleratze laburreko unitateak; heldu, haur eta gazteentzako eguneko ospitaleak; egonaldi erdiko unitateak; errehabilitazio unitateak eta psikogeriatrikoak. Era berean, ospitalez bestelako egoitza-egiturak sortu eta zabaltzea bultzatu da pixkanaka: adibidez, tutoretzapeko etxebizitzak, ikuskatutako etxebizitzak, mini-egoitzak, etxeak, komunitate terapeutikoak, babespeko pentsioak eta ostatuak. Hori guztia, bukatu gabe dagoen desinstituzionalizazio prozesu baten barruan.

Herritarren kexak bideratzeak, buru-osasunaren arloko elkarteekin harremanetan egoteak eta administrazioek eskuratutako informazioa aztertzeak ematen dion ezagutzaz baliatuta, Ararteko erakundeak bere ekarpena egin nahi du guztiok egin gura dugun bide horretan. Pertsona horien errehabilitazio psikosoziala, ahalduntzea eta benetako gizarteratzea lortzea da azken helburua.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 7a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad