ARARTEKOAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNEAN



Vitoria-Gasteiz

Ararteko erakundeko kideok bat egiten dugu 2012ko Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunarekin. "Ekonomia berdea: zu ere hartzen zaitu?" lema duela, gaur -ekainak 5- ospatuko da planeta osoan.

Europak bizi duen egoera ekonomiko zailean, ekonomia berdeaz hitz egitea aukera paregabea da, eta aprobetxatu egin behar dugu. Ekonomia berdeak aukera eman diezaguke enplegua, energiaren eraginkortasuna eta gizakiaren garapena hazteko, baina, aldi berean, baita ere kutsadura, karbono isurketak, ingurumen arriskuak, biodibertsitatearen eta baliabide ez berriztagarrien galera gutxitzeko.

Aurten aukeratutako lemak berekin dakar pertsona, erakunde eta ekonomia-eragile guztiek erantzukizuna beren gain hartzea, gizakien ongizaterako helburu hori lortzeko. Herritarrek parte hartzeko gonbit inplizitua ere bada.

Gaur bezalako egun seinalatuan, Arartekoak argi nabarmendu nahi du gizarteko talde eta elkarte batzuk -erakunde eta ekonomia eragile batzuekin batera- gure ingurumena babesten egiten ari diren lan garrantzitsua. Gizarte zibilaren lan oparo hori errazte aldera, euskal herri-administrazioek eskura dituzten bitarteko guztiak jarri behar dituzte ingurumenaren demokraziaren zutabeak sendotzeko: alegia, informazioa, partaidetza eta justizia eskuratu ahal izatea.

Ingurumenarekin lotutako eskubide horiek babesteko asmoz, Arartekoak demokraziari eta herritarren partaidetzari buruzko gomendio orokorra egin du Eusko Legebiltzarrari aurkeztu dion azken txostenean. Gomendio horren bidez hainbat gogoeta helarazi nahi ditu herritarrek gure legerian duten parte-hartzeaz, batik bat ingurumenarekin zerikusia duten erabakiei dagokienez.

Ararteko erakundearen ustez, herritarren parte-hartzea oraingo eta geroko apustua da, gizakiaren garapenarekin eta gizarte-ekitatearekin lotutakoa, eta funtsezko tresna, ekonomia berdearen eredu horretan aurrera egin nahi bada. Testuinguru horretan, dei egin nahi diegu botere eta administrazio publikoei, bai herritarrei ere, ingurumenezko gatazkak egoki kudea daitezen, partaidetzazko konponbideak erabiliz.


Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 5a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Gomendio orokorrak
Demokrazia eta herritarrek parte hartzea. Bereziki, ingurumen-prozesuetan parte hartzea. Demokrazia eta herritarrek parte hartzea. Bereziki, ingurumen-prozesuetan parte hartzea.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad