ERREFUXIATUAREN NAZIOARTEKO EGUNA


2015eko ekainaren 20a


Vitoria-Gasteiz

Ekainaren 20a Errefuxiatuaren Nazioarteko eguna izendatu zuten, egun horrexetan onartu baitzen Errefuxiatuei buruzko 1951ko Hitzarmena. Garai hartan, europarrek ere beren etxe eta herrialdeetatik ihes egiten zuten, babes bila.

Hitzarmen hori sinatu zuten estatuek -besteak beste, Europar Batasuneko estatu kide guztiak , hitzarmenarekin bat egitean, onartzen dute errefuxiatuen arazoa mundu osora iristen dela, hori konpontzeko lankidetzan aritu behar dela eta erantzukizuna estatu guztien artean partekatu behar dela, babes premiari aurre egiteko.

Babes-eskea egiten da estatu batek bere herritarrak babesten ez dituenean, gerran dagoelako edo herritarrak esesten dituelako, haiei ihes eginaraziz eta errefuxiatu bihurraraziz. Pertsona horiek bi hautabide dituzte: indarkeria nozitu eta, batzuetan, maite dituztenak hiltzen ikusi ala ihesi joan.

2015. urtean berriro ere biztanle asko eta asko ikusi ditugu mugitzen. Siriak, Irakek, Hegoaldeko Sudanek, Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Nigeriak pairatzen dituzte lekualdaketen %60, ACNURrek dioenez (Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandataria da hori).

Errefuxiatuez, lekualdatuez, aberrigabeez¿ hitz egiten dugunean, zerbaitengatik tokiz aldatu behar izan duten 53 milioitik gora pertsonaz ari gara. Egoera horiek sortzen dituzten gatazkei erantzutea zaila da eta erantzuna estu lotuta dago bakearekin, askatasunarekin eta berdintasunarekin. Alabaina, bitartean, oso garrantzitsua da ulertzea familia eta haur horiek babesa behar dutela eta lankidetzan aritu behar dela arlo guztietan: errefuxiatuak hartzean, haien eskubideak defendatzean eta babesik gutxieneko biztanleei kalte egiten dieten erabakiak kolokan jarriko dituen eztabaida politikoa gauzatzean.

Nazioarteko erakundeek, Europar Batasunak eta eragin-ahalmena duten estatu eta erakunde guztiek zenbait politika eta neurri bultzatu behar dituzte Afrikan bakea eta hazkunde ekonomikoa erdiesteko, kontinente hori ekonomia-, kultura- eta gizarte-trukeetan sar dadin eta nazioarteko harreman ekonomiko bidezkoagoak lor daitezen. Azken batean, demokrazia osoagoa lortzeko eta agintariek giza eskubideen babes handiagoa eskatzeko.

Ongi bizi garen Europako gizarteetatik kilometro gutxira, giza hondamendia jasaten ari da Mediterraneoa. Hondamendi horrek elkartasuna, errukia eta justizia balioak garatu, barneratu eta bizitzera bultzatu behar gaitu. Balio horiek askatasun, berdintasun eta aniztasunarekin batera eta giza eskubideak defendatzea dira, hain zuzen, Europako gizarteen bereizgarriak. Balio eta eskubide horiek garatu eta bete beharra daukagu, ezin zaie uko egin, bestela, atzera egingo genuke kulturan, ekonomian eta gizartean.

Egun honetan, Ararteko erakundeak ere bat egiten du errefuxiatuentzat elkartasuna eta babesa eskatzeko ekimenarekin, horiek borrokan ari baitira bakean bizitzeko, besterik gabe, eta beren seme-alabei nolabaiteko ongizatea eskaintzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 20a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad