GIZA ESKUBIDEAK: Arartekoaren agurra

Atal honen izenburuak -Giza eskubideak- nahastea sor dezake Arartekoaren web gunean: orrialdeko gainontzeko guztia ez da giza eskubideei buruzkoa ala? Egiaz, erakunde honen lan guztia Euskal Herrian eskubideak babestearekin lotuta dago. Atal honen bitartez, hain justu, Arartekoaren lana giza eskubideen aldeko munduko mugimenduaren barruan kokatu nahi dugu. Zehazki, gune honetan zenbait gauza berri jakinarazten dira, bai "giza eskubideak" kontzeptuaren esanahiaz, bai nazioarteko Zuzenbidearen eta eskubideak defendatzeko aktibismoak nazioetan barrena izan duen bilakaeraz.

Arartekoaren eginkizuna ez da, soil-soilik, herri-administrazioen jarduera okerren aurka herritarren eskubideak babestea edo jarduera oker horien atzean ezkutatu ohi diren politika publikoak ebaluatzea. Arartekoaren zeregina da, orobat, giza eskubideak eta horien oinarri diren balioak ahalik eta ondoen ezagutzea eta ezagutaraztea, eta horiek errespetatzeko kultura bultzatzea.

Funtsezkoa iruditzen zait kanpora begiratzea, giza eskubideen defentsa Euskal Herrian zertan den urrunagotik ikusteko, ikuspegi zabalagotik. Nire ustez, oso garrantzitsua da arau-berrikuntzei eta, Arartekoak bezalaxe, giza eskubideak babestu eta sustatzeko zeregin nagusia duten erakunde nazional eta nazioartekoen jarduera egokiei begirik ez kentzea.

Victor Hugok zioenez, munduko armada guztiak bat eginik ez dira garaia iritsi zaion ideia bat baino indartsuagoak. Eta gure esku dago giza eskubideen garaia sekula ez dadin gauzatu gabe igaro.

Agur bero bat.


Manuel Lezertua Rodríguez
ARARTEKOA

RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad