Parte hartzea

Parte hartzea

1. 18 urte

18 urte bete arteko gizaki guztiak dira haur, legearen arabera adin nagusitasuna lehenago lortu duena izan ezik.

2. Bereizkeriarik ez

Hitzarmen honetan aipatutako eskubideak haur guztiei aplikatu behar zaizkie inolako bereizketarik egin gabe eta haurren edo gurasoen arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, etnia- edo gizarte-jatorria, iritzia, maila ekonomikoa, ezintasun fisikoak, edo bestelako edozein ezaugarri kontuan izan gabe. Estatuak edozein bereizkeriaren aurrean haurra defendatzeko neurriak hartuko ditu.

3. Haurraren interes gorena

Gizarte-ongizateko erakunde pribatu nahiz publikoek  haurrei buruz hartzen dituzten neurri guztietan haurren  interesak lehentasun osoa izango du.

Estatu kideek, berriz, hitz ematen dute umearen  ongizaterako beharrezkoak diren babesa eta arreta  bermatuko dituztela. Halaber, ziurtatu egingo dute  haurrak babestu eta zaintzen dituzten erakunde eta  zerbitzuek ezarritako arauak betetzen dituztela, batez ere  segurtasun, osasun, langileen kopuru eta gaitasunaren  aldetik, eta gainbegiraketari dagokionez.

4. Estatuaren erantzukizuna

Estatuaren betebeharra izango da Hitzarmen honetan  jasotako eskubideak betearazteko behar diren neurriak  hartzea.

5. Gurasoen erantzukizuna

Haurrak beren gaitasunen eta garapenaren araberako  heziketa eta orientabidea jasoko ditu Hitzarmen honetan  jasotzen diren eskubideak erabili ahal izan ditzan. Lan hori  gurasoek, senide, tutore edota legezko ordezkariek egingo  dute. Estatuak arduradun horien erantzukizun, eskubide  eta betebeharrak errespetatuko ditu.

6. Bizitzeko eskubidea

Haurrek berez dute bizitzeko eskubidea. Estatuak ahalik  eta ondoen bermatu behar ditu haurraren biziraupena eta  garapena.

7. Izena eta herritartasuna

Haur orok du, jaiotzen denetik, izena eta herritartasuna  izateko eskubidea eta, ahal dela, bere gurasoak  ezagutzeko eta gurasoek zaindua izatekoa.

8. Identitatearen babesa

Estatuaren betebeharra da haurraren identitatea  babestea, eta beharrezkoa bada, haurrari identitatea edo  horren elementuren bat (izena, herritartasuna, familialoturak)  kendu bazaio, estatuak ahalik eta arinen  itzularaziko dio.

9. Familia elkartuta

Haurra ez da gogoz kontra gurasoengandik bananduko  haurraren interes gorenerako beharrezkoa ez bada.

10. Familiaren bateratzea

Haurrek eta gurasoek edozein herrialdetatik irten eta  sartzeko eskubidea dute, familia batzeko edo guraso eta  seme-alaben arteko harremanak mantentzeko bada.

11. Legez kanpoko atxikitze eta lekualdatzeak

Estatu kideek neurriak hartuko dituzte haurrak legez  kanpoko prozeduren bidez estatutik atera ez ditzaten eta  atzerrian legez kanpo atxiki ez ditzaten. Horretarako,  estatu kideek alde biko edo alde anitzeko hitzarmenak  bultzatuko dituzte.

12. Haurraren iritzia

Haurrak bere iritzia adierazteko eskubidea du berari  dagozkion gai guztietan, baita iritzi hori aintzat hartua  izan dadin ere.

13. Adierazpen askatasuna

Haur guztiek dute edozein motatako ideia eta  informazioak bilatzeko, jasotzeko eta zabaltzeko  eskubidea, betiere besteen eskubideen aurkakoak ez  badira.

14. Pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijioaskatasuna

Haurrak pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijioaskatasuna  izateko eskubidea du. Gurasoen eskubide eta  betebeharra da haurra bideratzea bere eskubideak erabil  ditzan. Estatu kideek, hortaz, errespetatu beharko dituzte  gurasoen eskubide-betebeharrok.

15. Elkartzeko eskubidea

Haurrak elkartzeko eta batzarrak egiteko eskubidea du.

16. Bizitza pribatuaren babesa

Haurrak eskubidea du legez kontra edota nahierara  bere bizitza pribatuan, bere familian, bere bizilekuan eta  bere korrespondentzian beste inork muturrik sar ez dezan,  baita bere ohoreari eta izen onari eraso ez diezaieten ere.  Halako erasoen aurrean legeen babesa izango du.

17. Informazio egokia lortzea

Estatu kideek berebiziko garrantzia aitortzen diete  hedabideei, eta bermatu egingo dute haurrak iturri  desberdinetako informazioa jaso ahal izatea. Estatuak  bultzatu egingo du herrien arteko ezagutza, elkar aditzea  eta haurraren ongizate morala eta jatorrizko kulturaren  errespetua ¿baita giza talde txikietako beharrizan  linguistikoak ere¿ babesten dituen informazioak  zabaltzea. Halaber, haurraren ongizatearen aurka doazen  informazio eta material guztietatik babesteko eta horien  aurka neurriak hartzeko betebeharra estatuarena da.

18. Gurasoen erantzukizuna

Estatu kideek aitortu egiten dute umearen hazkuntza  eta garapena guraso bien erantzukizuna dela eta beren  ardura nagusia haurraren interesa izango da. Estatuak  beharrezko laguntzak eskaini behar dizkie guraso edo  legezko ordezkariei eginkizun hori bete dezaten. Haurrak  zaintzeko erakunde, instalazio eta zerbitzuak bultzatuko  ditu, lanean ari diren gurasoak ere aintzat harturik.

19. Tratu txarren aurkako babesa

Estatuak neurri guztiak hartuko ditu gurasoek edo  zaintzeko erantzukizuna duten beste edozein pertsonak  haurrari inolako kalte fisiko nahiz mental,  arduragabekeria, tratu txar edo gehiegikeriarik egin ez  diezaioten.

20. Familia giroan bizi ez diren haurren babesa

Estatuaren betebeharra da beren familiatik kanpo  dauden haurrei babes eta zainketa berezia ematea;  adopzioan eman edo egokia den zentro batera eramango  ditu, adibidez, betiere haurren jatorri kulturala kontuan  izanik.

21. Adopzioa

Adopzioa onartu eta baimentzen duten estatuetan,  haurraren interes gorenak izango du lehentasuna.  Adopzioak legeen araberakoa izan behar du eta eskumena  duten agintarien baimenak izango ditu. Nazioarteko  adopzioa onargarria izango da bere herrialdean ezin bada  era egokian zaindu, baina horrek ez dio inori diru onurarik  ekarriko. Hori guztia estatuak bermatuko du.

22. Haur errefuxiatuak

Errefuxiatutzat hartutako haurrei edo errefuxiatu  estatutua eskatzen dutenei behar duten laguntza eta  babesa eskainiko zaizkie. Estatuak, nazioarteko  erakundeekin elkarlanean, haurrei babes eta laguntza hori  bermatuko die eta haurra eta gurasoak elkartzeko  ahaleginak egin behar ditu.

23. Haur ezinduak

Haur ezinduak bere duintasuna bermatuko duen  bizimodu egoki eta betea edukitzeko eskubidea du, betiere  berez baliatzeko gai izaten eta gizartean parte hartzen  lagunduko dioten baldintzetan. Haur elbarri edo adimenezintasunen  bat duenari zainketa, hezkuntza eta  trebakuntza bereziak eskainiko dizkiote gizarte-zerbitzuek.  Estatuak beste herrialde batzuek arlo honetan dituzten  beharrizanak izango ditu kontuan.

24. Osasuna

Umeak ahalik eta osasun-mailarik onena izateko eta  medikuntza- eta errehabilitazio-zerbitzuak izateko  eskubidea du. Estatuak, berriz, haurren hilkortasun-tasa  jaisteko neurriak hartuko ditu, oinarrizko laguntza medikoa  eta aldez aurretiko zainketak eskainiko ditu eta haurra jaio  ondoren osasun-arreta amei ziurtatuko. Halaber, gurasoek,  haurrek eta gizarte osoak orobat honako guztiak  badakizkitela ziurtatu behar du: haurren elikaduraren eta  osasunaren oinarrizko printzipioak, amaren esnea  hartzearen abantailak, garbitasunaren garrantzia... Estatu  kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte haurraren  osasunaren aurkako jarduera tradizionalak desagerrarazteko,  nazioarteko lana bultzatuko dute eta gogoan hartuko  ditu bereziki garapen bidean dauden herrialdeen beharrak.

25. Barnetegiaren aldizkako ebaluazioa

Baldin eta agintariek haur bat berariazko establezimenduren  batean sartu badute haren osasun fisiko edo  mentala zaintzeko edo tratatzeko, haurraren eskubidea  da aldian-aldian bere egoera eta internamenduko  gainerako zirkunstantziak berrikustea.

26. Gizarte-segurantza

Estatu kideek jagon egingo dute haur guztiek duten  gizarte-segurantzaren onura eta dagokien laguntza  ekonomikoa jasotzeko eskubidea.

27. Bizi-maila

Haur guztiek dute beren garapenerako bizi-maila  egokia izateko eskubidea eta gurasoen betebehar nagusia  da eskubide hori bete dadin bizi-baldintzak bermatzea.  Estatuak eskubide hori betetzeko neurriak hartu behar  ditu eta, behar denean, umeen arduradunei laguntza  ekonomikoa emango die.

28. Hezkuntza

Ume orok du hezkuntzarako eskubidea. Estatuak  gutxienez derrigorrezko lehen irakaskuntza doakoa izatea  bermatu behar du. Bigarren hezkuntza orokorra eta  lanbidezkoa garatuko ditu eta haur guztiek horretarako  aukera izatea bultzatuko du. Estatua saiatu egingo da ikasleen  hutsegite-kopurua gutxitzen eta eskolako diziplina haurraren  duintasuna errespetatuz aplikatuko da. Halaber, estatu kideek  nazioarteko kooperazioa bultzatuko dute hezkuntza gaietan,  garapen-bidean dauden herrialdeak bereziki gogoan hartuz.

29. Hezkuntzaren helburuak

Estatu kideek onartzen dute hezkuntzak haurraren  nortasuna eta gaitasun teoriko eta praktikoak garatzeko  izan behar duela. Horretarako haurrari giza eskubideenganako  errespetua irakatsi eta herrien arteko bakea,  tolerantzia eta adiskidetasuna bultzatuko dira. Hezkuntzak  naturarenganako errespetua irakatsiko die haurrei, baita  norberaren zein besteen kulturarenganakoa ere.

30. Gutxiengoak eta herri indigenak

Gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistiko bateko  haurrak, edota jatorrizko herrikoak, eskubidea izango du  giza talde bereko beste batzuekin batera bere bizitza  kulturala izateko, bere erlijioa praktikatzeko eta bere  hizkuntza erabiltzeko.

31. Aisialdia, jolasak eta kultur jarduerak

Haurrak aisialdi, jolas eta ekintza kultural eta  artistikoetan parte hartzeko eskubidea du.

32. Adingabekoen lana

Estatuaren betebeharra da haurrak beren osasun,  hezkuntza edo garapenerako kaltegarria izan daitekeen  lanetik babestea, baita enplegurako gutxieneko adina  ezartzea eta lanaren baldintzak arautzea.

33. Estupefazienteen erabilera eta trafikoa

Estatuak beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu,  legezkoak, administratiboak, sozialak eta hezkuntzazkoak,  estupefaziente eta substantzia psikotropikoen erabileratik  haurrak babesteko eta substantzia horien ekoizpen eta  trafikoan haurrak erabil daitezen galarazteko.

34. Sexu-esplotazioa

Estatu kideek haurrak babestuko dituzte edozein  motatako sexu-esplotazio eta gehiegikeriatik, baita  prostituzio eta jarduera pornografikoetatik ere.

35. Haurren bahiketa, salmenta eta tratua

Estatuak behar diren neurri guztiak hartuko ditu  edozein helbururekin eta edozein modutara egiten den  haurren bahiketa, salmenta, eta tratua eragozteko.

36. Bestelako esplotazio motak

Estatu kideek haurra babestu egingo dute bere  ongizaterako kaltegarriak diren beste esplotazio-mota  guztietatik.

37. Tortura, heriotza-zigorra eta askatasun eza

Ezein haurrek ez du jasango tortura, pena, tratu krudel,  anker edo degradatzailerik. Ez da heriotza zigorrik ez betiko  kartzelarik ezarriko 18 urtetik beherako haurrek egindako  delituengatik. Espetxeratzea azken errekurtsoa izango da eta  ahalik eta denbora gutxien iraungo du. Askatasuna kendu  zaion haurra gizalegez eta duintasunez tratatuko da. Halaber,  bere familiarekin harremanak izateko eta laguntza juridiko  edo bestelako laguntza egokia izateko eskubidea du.

38. Gatazka armatuak

Estatu kideek bere esku dauden neurri guztiak hartuko  dituzte 15 urte baino gutxiago dituztenek liskarretan  zuzenean parte har ez dezaten. Gatazka armatuetan  kaltetutako haurrek babes eta zainketa bereziak jasotzeko  eskubidea dute.

39. Birgizarteratzea

Estatu kideek neurri egoki guztiak hartuko dituzte tortura,  gatazka armatuak, utzikeria, tratu txarrak,  esplotazioa edo bestelako tratu edo zigor krudel, anker  edo degradatzaileak jasan dituzten haurrak birgizarteratzeko  Suspertze eta birgizarteratzea, haurraren osasun,  begirune eta duintasunaren aldeko giroan egingo dira.

40. Adingabekoen justizia-administrazioa

Legeak haustea leporatzen zaion haurra edo delitu baten  errudun deklaratu dena duintasunez tratatua izango  da, betiere giza eskubideenganako eta besteen oinarrizko  askatasunenganako errespetua sendotzeko eran. Delitua  egin duen haurrak eskubidea du bere oinarrizko  eskubideak errespetatuak izan daitezen, batik bat bidezko  prozedura baten berme guztiak betez: defentsa eta  laguntza juridikoa izateko eta, hizkuntza ez badaki,  interpretari bat izateko eskubidea du.

41. Indarrean dauden arauen errespetua

Estatuko lege batek edo estatu horretan indarrean  dagoen nazioarteko legedia Hitzarmen honetan ageri dena  baino onuragarriagoa baldin bada umearentzat, lege  horiek aplikatuko dira eta ez Hitzarmena.

42. Hitzarmenaren zabalkundea

Estatu kideek hitzematen dute Hitzarmenaren printzipio  eta arauak jakinaraziko dizkietela modu eraginkor eta  egokietan bai haurrei bai eta helduei ere. 

RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad