NESKA-MUTIL ADINGABEEI ALKOHOLA SALTZEA


Adikzioei eta droga-mendekotasunari arreta integrala emateari buruzko 1/2016 Legeak ezarritakoaren arabera, udalen betebeharra da beren udalerrietan neska-mutil adingabeei alkoholik eman ez diezaieten kontrolatzea.


Vitoria-Gasteiz

Urtarrilean gaude, sagardotegi garaian eta ikasleen ospakizunen aurreko egunetan. Bolada honetan, udan eta herrietako jaietan gertatzen den bezala, gure erakundera hainbat mezu bidaliko dituzte herritarrek, nerabeek edari alkoholdunak kontsumitzen dituztelako kezkatuta, eta edari horiek lortzeko duten erraztasunagatik harrituta, debekatuta baitago halakoak adingabeei saltzea.

Horrexegatik hain zuzen bidali dizkie oraintsu Arartekoak zenbait ebazpen udal batzuei. Ebazpen horietan, beren betebeharrak gogorarazi dizkiegu, beren udalerrietan neska-mutil adingabeei alkoholik eman ez diezaieten kontrolatzeari dagokionez.

Adikzioei eta droga-mendekotasunari arreta integrala emateari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea argia da kontu horretan. Tokiko erakundeei ematen die bai ikusketa-lana (agintaritza agentetzat jotzen diren langileek egin beharrekoa), bai dagozkien isunak jartzea.

Hala ere, lege horrek, goiburuan bertan adierazten duenez, diziplina anitzeko ikuspegitik eta modu integralean aztertzen du adikzioen arazoa, eta ikuspegi horretan garrantzi berezia hartzen dute prebentzioak (osasun publikoaren ikuspuntutik begiratuta) eta osasunaren aldeko heziketak (horretarako oinarrizko estrategia gisa).

2013-2020 aldian drogaren aurka borrokatzeko Europar Batasunaren Estrategiari jarraiki, eskaera gutxitzeko neurriak eta eskaintza kontrolatzekoak, berez ezberdinak badira ere, elkarren osagarriak izan behar dute.

Esku-hartze publikoaren oinarrian daude, beste behin ere, haurren eta nerabeen eskubideak. Zehazki, osasunaz gozatzeko duten eskubidea, eta beraien garapen integralerako balizko kalteetatik babestuak izateko eskubidea. Horiekin bat eginez, alkoholari eta adingabeei buruzko politika publikoek bateratu egin behar dituzte heziketa-lana eta inguru babeslea lortuko duten neurriak, eta halako neurria izango litzateke adingabeei alkoholik sal ez diezaieten kontrolatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 23a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad