ARARTEKOAK ZALLAKO UDALARI GOMENDATU DIO ALDA DEZALA UDAL INPRIMAKIETAN DATU PERTSONALAK TRATATZEARI BURUZ AGERTZEN DEN INFORMAZIO-KLAUSULAREN EDUKIA



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, agian datu pertsonalak babesteko eskubidea urratu zelako. Adierazi zigunez, bere datu pertsonalak beste batzuei laga zizkien Zallako Udalak adingabeentzako kirol-jarduerak eskaini zituen eta kexagileak bere semeak kirol anitzeko jardueran inskribatzeko orria bete zuen. Han agertzen ziren udalak besteri utzitako datu horiek.

Geroago, bere semeen kirol-jardueren beri emateko bi mezu labur jaso zituen, identifikatu gabeko bi telefono mugikorretatik bidaliak, eta, gainera, ia berrogeita hamar lagunek osatutako whatsapp talde batean sartu zuten.

Kexagileak adierazi zuen ez zuela inolako baimenik eman bere datu pertsonalak erabiltzeko, kirol jardueran izena eman eta hura ordaintzea alde batera utzita.

Informazioa eskatu ondoren, Zallako Udalak hauxe jakinarazi zigun: kirol anitzeko zerbitzua egin zedin errazteko asmoz, gurasoen harremanetarako datuak adierazi zizkiela bai zerbitzua egiten duen enpresari, bai ikastetxeko ikasleen gurasoen elkarteari (IGE) (kexagilea elkarte horretako kide da), eta IGEek ez daukatela gurasoen baimena eskatu beharrik beraien datu pertsonalak tratatzeko, baldin eta gurasoak elkarteko kide badira.

Arartekoak Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren eta Auzitegi Nazionalaren doktrina aipatzen du bere ebazpenean: hain zuzen ere, datu pertsonalak helburu zehatz baterako eman badira, ezin direla beste helburu baterako erabili (adibidez, whatsapp talde bat sortzeko). Hala ere, IGE elkarte pribatua denez gero, Arartekoak ezin du egintza horretaz ezer adierazi.

Zallako Udalari dagokionez, Arartekoak gomendatu dio alda dezala udal inprimakietan datu pertsonalak tratatzeari buruz agertzen den informazio-klausularen edukia, eta berma dezala argi eta labur jakinarazten dela lagapenaren ondorioz zeintzuek jasoko dituzten bildutako datuak, batez ere orain, maiatzean indarrean jarriko baita datu pertsonalak babesteko araudi orokor berria.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 27a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad