ARARTEKOA BIDEAN ZENTROA IKUSKATZERA JOANGO DA



Vitoria-Gasteiz

Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) Bidean harrera-zentroan beharbada arduragabekeriaz jokatu dela eta, salaketak egin dituzte zenbait elkartek eta genero-indarkeria pairatu duten emakume batzuek. Horregatik, Arartekoak lehenbailehen ikuskatuko du zentro hori, argitu nahi baitu egiaz zer egoeratan eta nolako arreta ematen zaien indarkeriatik ihesi toki horretara babes bila joan diren emakumeei.

Harrera-zentro horretan egon diren emakume batzuen kexak jaso zituen atzo Arartekoak. Era berean, hainbat elkarte feministak Bidean zentroaren egoeraz eta funtzionamenduaz jendaurrean egin dituzten salaketen berri izan du.

Jasotako kexak GFAren iritziarekin kontrastatu ahal izateko, ikerketa baten bidez izapidetuko dira. Edonola ere, Arartekoak berehala aztertzea erabaki du Eusko Legebiltzarraren 3/1985 Legeak erakunde honi emandako ahalmenen babesean zentro hori orain bertan zer egoeratan dagoen eta zer-nolako arreta jasotzen ari diren bertan babesa aurkitu duten emakumeek.

Ikerketa hori egin ondoren, Arartekoak eskaera bat egingo dio GFAri, gai horretaz daukan informazioa eman diezaion, foru aldundi horrekin behar bezala kontrastatzeko eta jasotako salaketak ahalik eta modurik egokienean eta eraginkorrenean konpontzeko.

Manuel Lezertua arartekoa eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua dagoeneko harremanetan jarri dira. Diputatuak arartekoari adierazi dio erabat prest dagoela beharrezko informazio guztia eskaintzeko eta, horrela, ikerketa egiten laguntzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 8a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad