ARARTEKOAK EUSKAL TRENBIDE SAREARI IRADOKI DIO BERRIZ AZTER DEZALA DURANGOKO TREN GELTOKIAN KOMUN PUBLIKORIK EZ JARTZEKO ERABAKIA



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek kexa azaldu zion Arartekoari. Salatu zuenez, Durangoko tren geltokian komun publikorik ez jartzearekin lotutako erreklamazio bat egin zion Euskal Trenbide Sareari (ETS), baina hark ez zion erantzun.

Erreklamazio hori 2017ko abuztuan egin omen zuen, Atxuriko tren geltokian. Han esan omen zioten kexa ETSri bidaliko ziotela, hark bidera zezan. Hala ere, denbora luzea igaro arren, ez omen du erantzunik jaso.

ETSri informazioa eskatu ondoren, txosten bat helarazi zigun, non adierazi baitzigun gai horri buruzko beste erreklamazio batzuk ere jaso zituela eta guztiei erantzun zitzaiela. Beraz, pertsona horrek erantzunik ez jaso izana akats administratibo bati leporatu zion, eta izugarri sentitzen zuela gaineratu.

Txostenean jakinarazi zuenez, Durangoko geltokiaren eraikuntza proiektuaren barruan ez zen komun publikorik jartzea aurreikusi, izan ere, komun irisgarriak jartzea garestiegia da eta "esperientziak erakutsi digunez, geltokietan komunak instalatzea (sic) arazo ugari sortzen ditu (drogak, erasoak, bandalismoa, garbiketa…). Hori dela eta, komenigarria iruditu zaigu ez instalatzea".

Arartekoak ulertzen ditu argudio ekonomiko horiek eta, batez ere, segurtasunari dagozkionak. Alabaina, bere iritziz, ETSk bere jabetzako azpiegiturak diseinatzeko orduan, kontuan hartu beharko lituzke beste gogoeta batzuk, hala nola, erabiltzaileek geltokietan komun publikoak aurkitzea espero dutela, biztanle guztien beharrak asetzen baititu, bereziki adinekoenak, mugikortasun urrikoenak adingabeenak edo gernu-ihesa duten pertsonenak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 11

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2018S-2906-17 EBAZPENA, 2018ko apirilaren 27koa. Horren bitartez, Euskal Trenbide Sareari iradokitzen zaio Durangoko tren geltokian komun publikorik ez jartzeko erabakia berrazter dezala. Arartekoaren 2018S-2906-17 EBAZPENA, 2018ko apirilaren 27koa. Horren bitartez, Euskal Trenbide Sareari iradokitzen zaio Durangoko tren geltokian komun publikorik ez jartzeko erabakia berrazter dezala.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad