OMBUDSMANAREN NAZIOARTEKO INSTITUTUAREN TOPAKETA AMAITU DA


Ingurumen-eskubideak babesteko orduan Ombuds erakundeek zer eginkizun duten aztertu dute Europako herriaren defendatzaile batzuek eta ingurumen arloko zenbait adituk


Vitoria-Gasteiz

Manuel Lezertua arartekoak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak gaur eman diote amaiera, Gasteizen, honako izenburua duen topaketari: "Ingurumen arloko gobernantza egokia: Ombuds erakundeen eginkizuna ingurumen-eskubideak babesteko orduan". Bi egunetan barrena, Europako herriaren defendatzaile ugari eta ingurumen gaietako hainbat aditu elkartu dira bertan.

Lantegi horretan aztertu da Ombuds erakundeek nola indartu dezaketen ingurumen arloko legeriaren eta beste neurri batzuen ezarpena, ingurumen arloko gobernantza egokia sustatuz.

Honatx atera dituzten ondorioetako batzuk:

- Aarhuseko Hitzarmeneko* eskubideei berezko izaera kentzeko arriskuaren aurrean, garrantzitsua da Ombudsmanek, erabakiak hartzeko prozesuak egiaztatzean, herri-administrazioei informazio argi eta egokia eman dezaten eskatzea, nahasketarik sortuko ez duena. Horrela, herritarrek modu eraginkorrean parte hartu ahal izango dute, azken erabakietan benetan eragin ahal izateko.

- Erakunde bakoitzaren tresnak erabiliz (ofiziozko jarduerak, txosten bereziak, foroak, eta abar) eztabaida piztu behar da gizartean eta erakundeen artean, energia jasangarrira igarotzeko bidean eta klima-aldaketaren kontrako borrokan azkarrago aurrera egiteko.

- Energia-trantsizio horrek barneratzailea izan behar du, herritarrak erdigunean jarri behar ditu eta pertsonarik ahulenak babestu, horiek ahaldunduz eta energiaren kudeaketan eraginkortasunez parte har dezaten bultzatuz.

- Ingurumena eraginkortasun handiagoz kontrolatzeko, Fiskaltza Nagusia eta herriaren defendatzaileak elkarlanean aritzeko aukera proposatu da.

- Biodibertsitatea babestu nahi bada, lege-esparrua zuzen ezarri behar da, baina gobernantza ez da soil-soilik legea ezartzea. Horrez gain, kontuan hartu behar da ingurumen arloko politikek berezkoa dutela gatazka.

- Naturaguneen eta espezie basatien kudeaketa-planak aukera ona dira interesdun guztiak ordezkatuta egongo diren parte-hartze prozesuak abiarazteko.


* Aarhuseko Hitzarmena: ingurumen arloan informazioa eskuratzeari, jendeak parte hartzeari eta justizia jasotzeari buruzkoa.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 17a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad