ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA ERREFUXIATUEN MUNDUKO EGUNEAN


2018ko ekainaren 20a

Gatazka belikoetatik edo jazarpenetik ihes egiten duten pertsonenganako elkartasuna ezinbesteko kohesio-osagaia da Europa eraikitzeko orduan


Vitoria-Gasteiz

Aurten ere egun honetan Arartekoak ahotsa goratzen du berriz, salatu nahi baitu oso premiazkoa dela nazioarteko konpromisoak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioarenak betetzea errefuxiatuak babesteko, batez ere kalteberenak.

Ezin gara geldirik geratu Europa egunero suntsitzen duten giza zorigaitzen aurrean. Ezbehar horiek kontzientzia astintzen digute eta gogorarazten digute ez dela bidezkoa balioak eta giza eskubideak Europar Batasuneko estatu kideetako biztanleentzat bakarrik babestea.

Agindu etikoa ez ezik, benetako justizia egiteko agindua ere bada giza eskubideen eta errefuxiatuen eskubideen defentsa Europako mugez harago zabaltzea. Gure historiako une honetan ezin gara konformatu barruko edo eskualdeko babes juridikoko sistemekin. ACNURren datuen arabera, urtetik urtera gehituz doa lekualdatuen kopurua. Europar Batasunean, halakotzat aitortutako ia milioi bat errefuxiatu bizi dira. Munduan dauden guztien %5 dira, eta 28 herrialdeetako biztanleen %0,2 besterik ez.

Horregatik, lehenbailehen aztertu behar dira, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren ikuspegi unibertsaletik begiratuta, eragile publikoen nazioarteko politikak, hala nola Europar Batasunarenak, NATOrenak eta beste estatu multzo batzuenak, bada herrien garapen jasangarria oztopatzen dute eta hori oinarrizkoa da bakean eta giza eskubideetan oinarritutako kultura erdiesteko. Gainera, Errefuxiatuen eta Migratzaileen gaineko New Yorkeko Adierazpenean hartutako konpromisoak bete behar dira, errefuxiatuak hartu eta haiei laguntzeko zama eta ardura zuzenago bana daitezen. Horretarako, errefuxiatuei buruzko munduko hitzarmena onartu behar da 2018an.

Arartekoak on deritze errefuxiatuak jaso eta gizarteratzeko hartu diren azken erabaki politikoei. Horrelako jarrerek elkartasunezko programa berriak bultzatu behar dituzte Europar Batasuna osatzen duten estatuen artean, izan ere, giza eskubideak, baita gatazka belikoetatik edo jazarpenetik ihes egiten duten pertsonenganako elkartasuna ere, ezinbesteko kohesio-osagaiak dira Europa eraikitzeko orduan.

Vitoria-Gasteiz, 2018kp ekainaren 19a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad