IRUNGO ALARDEA OSPATZEN DELA ETA ARARTEKOAREN JAKINARAZPENA



Irun

Irungo San Martzialeko Alardea ospatzen dela eta, Ararteko erakundeak aurten ere gogorarazi nahi du zein garrantzitsua den, gurea bezalako demokrazia aurreratu batentzat, gizarte eta giza harremanak berdintasun printzipioan oinarritu daitezen lortzea. Printzipio hori bizikidetza-gune guztietan proiektatu behar da, emakumeak gizonen aldean baztertzeko edozein modu eragiten duten inertziak gaindituz.

Egia da Irungo emakumeek jaia ospatu ahal izateko toki bat erdietsi dutela berdintasunezko alardean desfilatuz, errebindikazio hori zela medio denbora luzean bizi izan den tentsio hura izan gabe. Hala ere, Arartekoak egiaztatu du lorpen hori iristeko, pertsona, talde eta erakunde askok urtero ahalegin handia egin behar izan dutela eta bizikidetza-jarrera, sentiberatasuna eta errespetua erakutsi behar izan dituztela, emakumeek jai horretan erabat parte hartu ahal izateko.

Testuinguru horretan, pertsonen eskubideak defendatzeko sortu zen erakunde honek nahitaez gogorarazi behar die botere publiko guztiei oztopoak kentzen eta beharrezko neurriak hartzen jarraitu behar dutela berdintasunezko alarde horri erakunde-babesa emateko eta, horrela, Irungo jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuna modu iraunkor eta eraginkorrean sendotzeko.

Arartekoak berriz ere jakinarazten du konprometituta dagoela emakumeen eskubideak eta eguneroko bizimoduan horiek bermatzen ahalegintzen direnenenak defendatzearekin. Herritar guztiak barne hartuko dituen jai bateranzko bidea garbitzen lagunduko duten ekimen edo proposamen ororen alde dagoela adierazten du.

Horretarako, Arartekoak konpromisoa hartu du Irunen bizikidetza-bide harmoniatsua bila dadin sustatzeko, bertako agintariekin eta alardeen antolatzaileekin batera, horiek funtsezko aktoreak baitira eremu horretan; baita ere iraganeko hausturak gainditu nahi dituzten borondate oneko pertsona guztiekin elkarlanean aritzeko, jende multzoak, eskubide berdintasunean, Alardea deritzan jai historikoaz goza dezan errazten.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 29a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad