ARARTEKOAK GASTEIZKO UDALARI IRADOKITZEN DIO NEURRIAK HAR DITZALA HAREN INSTALAZIOETAN EGINDAKO ESKOLAKO KIROLA PARAMETRO HEZITZAILEAK OINARRI HARTUTA BURUTU DADIN


Udala prest dago elkarlanean aritzeko kexa honek oinarri duen arazoa identifikatze aldera, eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko -foru agintaritzekin koordinatuz- hari aurre egite aldera.


Vitoria-Gasteiz

Arartekoak bi haur txikiren amak aurkeztutako kexa onartu du izapidetzeko. Haur horien futbol-taldeak Gasteizko Udalaren Lakua Arriagako instalazio publikoak erabiltzen ditu.

Kexagilearen esanetan, klub horrek adingabeen familiei jakinarazi zien, denboraldi honi begira, haur guztiek ez zutela parte hartuko txapelketetan, hots, batzuek parte hartuko zutela eta beste batzuek ez, entrenatzaileak erabakitakoaren arabera. Kexagileak kontu hori salatu zuen, eta jakinarazi zioten zuzendaritzak hala egitea erabaki zuela.

Kexa horretan zalantzan jarri zen erabaki hori bat ote zetorren hain haur txikiek kirola egiteak izan beharreko helburuarekin, parte-hartzea lehiakortasun-irizpideen mende uzten baitu, irizpide hezitzaileari lehentasuna eman beharrean.

Horri lotuta, interesdunak eskolako kiroleko programa erregulatzen duen araudian jasotako printzipioak azpimarratu zituen: helburu hezitzaileak lortzeari eta haurrengan eta gazteengan kirola egiteko ohitura sustatzeari lehentasuna eman beharra, eta helburu horiek nagusitzea lehiaketan arrakasta izateari.

Hori guztia zela tarteko, interesdunak esan zuen, bere iritziz, printzipio horiek bermatze aldera, Gasteizko Udalak hobeto kontrolatu beharko lituzkeela aipatutako programaren esparruan udalaren kirol-instalazioak baliatzen dituzten kluben jardunbideak.

Arartekoak informazioa eskatu zion Gasteizko Udalari. Hark jakinarazi zigun udalak ez duela antolatzen eskola-adinekoentzako lehiaketarik, eta ez diela diru-laguntzarik ematen taldeei adin horretako haurrek lehiaketetan parte har dezaten. Udalak instalazioak lagatzen dizkie hala eskatzen duten ikastetxeei eta kirol-erakundeei, eskola-programetan parte har dezaten, horiek arautzen dituen foru-araudian ezarritako baldintzetan. Beraz, betiere espero da kasuan kasuko jarduerak antolatzen dituen erakundeek- -ikastetxeak nahiz horien guraso-elkarteak, kirol-erakunde onetsiak zein horien federazioak, bai eta foru-erakundeak nahiz horien erakunde laguntzaileak ere- kontrolatzea horien bilakaera.

Nolanahi ere, udalak adierazi zuen prest zegoela jarduketa ikertzeko, eta esan zuen komeni zela Arabako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak kasu horren berri izatea, eskola-programak betetzeaz arduratzen baita.

Arartekoak behin baino gehiagotan jo izan du botere publikoengana (6/2011 Gomendio Orokorra, urriaren 27koa) haietako bakoitzak berma dezan (beraien eskumenen esparruan) haurrek eta nerabeek egindako kirola, une eta testuinguru guztietan, parametro hezitzaileak errespetatuz praktika dadin.

Aintzat hartuta udala prest dagoela elkarlanean aritzeko kexa honek oinarri duen arazoa identifikatze aldera, eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko -foru agintaritzekin koordinatuz- hari aurre egite aldera, honako hau iradokitzen diogu Gasteizko Udalari:

1. Egiazta dezala zer-nolako parte-hartzea izan duten denboraldi honetako eskolako kiroleko txapelketetan kexak hizpide duen klubean izena emanda dauden adingabeek, eta zehaztu dezala parte-hartzea printzipio hezitzaileek gidatu duten, lehiakortasun-printzipioak alde batera utzita, edo kirol-errendimenduari lotutako irizpideek baldintzatu duten parte-hartze hori.

2. Aurrerantzean, ikastetxeek nahiz kirol-erakundeek, eskolako kirola egiteko udalak lagatako lokalak erabili ahal izateko, konpromiso bat sinatu behar izatea, esanez errespetatuko dituztela haurrek egindako kirolak oinarri izan beharreko espiritu parte-hartzailea eta hezitzailea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 12a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2018S-1780-17 Ebazpena, 2018ko ekainaren 13koa. Bertan, Gasteizko Udalari, dagokion instalazioetan praktikatzen den eskolako kirola beti hezkuntza-parametroen pean burutu dadila aholkatzen zaio. Arartekoaren 2018S-1780-17 Ebazpena, 2018ko ekainaren 13koa. Bertan, Gasteizko Udalari, dagokion instalazioetan praktikatzen den eskolako kirola beti hezkuntza-parametroen pean burutu dadila aholkatzen zaio.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad