ARARTEKOAK BILBOKO UDALARI GOMENDATU DIO NEURRIAK HAR DITZALA PLAZA BERRIAN TERRAZAK JARTZEKO EREMU PUBLIKOARI BURUZKO ORDENANTZA BETE DADIN


Pertsona batek kexa egin zion Arartekoari, Bilboko Udalari helarazi zizkion zenbait salaketa eta eskaeraren gainean, izan ere, Plaza Berriko establezimendu batzuk behin eta berriz urratzen ari ziren terrazei buruzko udal araudia. Geroago, beste idazki osagarri batzuk ere aurkeztu zituen udaletxean, kaltetutako beste auzokide batzuekin batera.

Kexagileak, aurrekari gisa, Arartekoaren 2015eko ebazpen bat aipatu zuen. Ebazpen hartan, Bilboko Udalari gomendatu zitzaion beharrezko neurriak har zitzala Plaza Berriko terrazak eremu publikoa hartzeko udal baimenean adierazitakoarekin bat etor daitezen, irisgarritasunari buruzko araudiaren eta eremu publikoaren gaineko ordenantzaren arabera.

Kaltetuen iritziz, gomendio haren ondoren, eremu publiko horren egoerak, hobera egin beharrean, okerrera egin du, ordenantzak oro har urratzen baitira eta udalak ez baitu horren inguruko neurririk hartzen. Oro har urratzen omen dira eremua hartzeko baimenak: baimendutakoak baino mahai eta aulki gehiago eta jartzen omen dira; baimendutakoa baino tamaina handiagoko mahaiak; plazako eta arkupeetako irteerak oztopatzen omen dira era guztietako altzariekin, e.a.

Udalari laguntza eskatu eta informazio guztia aztertu ostean, Arartekoak hauxe gomendatu dio Bilboko Udalari:
1. Luzamendutan ibili gabe, eraikinen paramentu itsuetan jarritako elementu guztiak ken daitezen agindu dezala, eta ziurta dezala mokorrak, torlojuak eta abar jarri aurreko egoerara lehengoratuko direla fatxadak.

2. Dagozkion zigor espedienteak has ditzala Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezia urratzeagatik.

3. Indarrik gabe utz dezala Plaza Berriko arkupeetan kupel erdiak jartzeko 2015ean eman zuen baimena.

4. Berriz azter ditzala kanpoaldeko bezeroei zerbitzatzeko asmoz fatxaden barretan tarteak irekitzeko eman zituen baimenak, eta legezkotasunarekin bat ez badatoz, berehala itxi daitezen agindu dezala.

5. Ahal bezain laster, dagozkion zigor espedienteak ireki ditzala.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 19a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2018R-1715-17 Ebazpena, 2018ko uztailaren 11koa. Horren bidez,
Bilboko Udalari gomendatzen zaio hainbat neurri -hertsatzaileak eta zigortzaileak
barne- har ditzan, Plaza Barrian terrazak jartzeko orduan espazio publikoei buruzko
ordenantza betetze aldera. Arartekoaren 2018R-1715-17 Ebazpena, 2018ko uztailaren 11koa. Horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio hainbat neurri -hertsatzaileak eta zigortzaileak barne- har ditzan, Plaza Barrian terrazak jartzeko orduan espazio publikoei buruzko ordenantza betetze aldera.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad