HONDARRIBIKO ALARDEAN EMAKUMEEN PARTE-HARTZEARI BURUZ ARARTEKOAK EGINDAKO KOMUNIKATUA



Hondarribia

Bihar, Hondarribiko Alardea ospatuko dela-eta, Arartekoak egiaztatu du, beste behin, urte hauetan emakumeek diskriminaziorik gabe ospakizun horretan behar bezala parte hartzeko egindako aldarrikapenaren gainean zegoen tentsioa jaitsi egin dela. Nolanahi ere, ezinikusi handiak daude oraindik ere gai honen harira; izan ere, oraindik ez da oreka egokirik lortu alarde mistoa eta tradizionala babesten dutenen artean.

Arartekoaren eginkizuna esparru publikoan berdintasunerako eskubidea argi eta garbi defendatzea da. Botere publiko guztiek, izatez eta zuzenbidez, gizon eta emakumeen arteko erabateko berdintasunerako bidean topa daitezkeen oztopoak desagerrarazten saiatu behar dute. Eusko Legebiltzarrak agindutako funtzioen esparruan, Arartekoak berretsi du aurrerapausoak emateko prest dagoela pertsona guztiek erabateko berdintasunean Alardearekin gozatu eta bertan parte hartu ahal dezaten, Hondarribiko eta Euskal Herri osoko ondare immateriala baita.

Elkarrizketaren indarra baliatuz, Arartekoak ahal duen guztia egingo du bertako agintarien laguntzarekin batera (azken horien laguntza ezinbestekoa da herritarrengandik gertu daudelako), denek batera bidea egin dezaten lortzeko; hala, Alardearen oinarriak behin betiko finkatuta geratuko lirateke, hondarribiar guztiak ordezkatuta sentitzen diren Alardearenak, alegia.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad