HERRIAREN DEFENDATZAILEEN KOORDINAZIORAKO XXXIII. JARDUNALDIAK


Genero indarkeriaren biktima diren emakumeak eta adingabeak artatzea


Alicante

Manuel Lezertua arartekoak, erakundeko ordezkari batzuekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldietan parte hartu du egunotan, Alacanten. Gai hau eztabaidatu dute bertan: "Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak eta adingabeak artatzea".

Topaketa hori egin baino lehen, herriaren defentsa-erakundeek zenbait txosten prestatu dituzte, genero-indarkeriaren kontra legean ezarrita dauden babes osoko neurriak balioesteko. Erakunde bakoitzak azaldutako egoera gorabehera, defendatzaile guztiek hainbat ondorio atera dituzte elkarrekin.

Lehena, genero-indarkeriaren biktimak oso agerikoak direla, baina izengabeak eta ezezagunak. Egiaz, datu gutxi daude, biktimek gutxitan azaltzen baitiete arazo hori defentsa-erakundeei.

Bigarrena, gizarteratzeko, laneratzeko eta etxebizitza bat lortzeko neurriak ez direla eraginkorrak, aurrekontuetan behar baino diru-kopuru urriagoa izendatzen delako horretarako.

Eta, azkena, arazoak sortzen direla Estatuaren, autonomien eta toki erakundeen eskumenen ondorioz, izan ere, nahitaez hobetu behar dira erakundeen arteko lankidetza, koordinazioa eta leialtasuna.

Jardunaldi horietan gai horiek guztiak aztertu dira, eta, amaieran, ateratako ondorioak ezagutarazi dira.

Ondorio horien artean, hauxe nabarmendu daiteke: herriaren defendatzaileek Estatuari eta autonomia erkidegoei eskatu diete berriz aztertu, eguneratu eta egokitu dezatela abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren indarreko testua, eta beharrezkoak diren legegintza-aldaketak bultza ditzatela "genero-indarkeria" kontzeptua zabaltzeko, bere baitan har ditzan Istanbulgo Hitzarmenean jaso ziren emakumeen kontrako eta etxe barruko indarkeria mota guztiak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 24a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Herriaren defendatzaileen adierazpena 2018 Herriaren defendatzaileen adierazpena 2018
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad