ARARTEKOAK EUSKO JAURLARITZARI GOMENDATU DIO BERRAZTER DEZALA BIZIKIDETZA-UNITATEAK GURASO BAKARREKOTZAT JOTZEKO ERABILTZEN DUEN BARNE-IRIZPIDEA



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekora jo zuen, ez baitzegoen ados Etxebizitza Sailaren Bizkaiko lurralde-ordezkariak "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako espedienteari eman zion puntuazioarekin.

Kexa-idazkian azaldu zuenez, alarguna da eta guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du, bere ardurapeko adin nagusiko bi alabekin batera. Bi alaba horiek unibertsitate-ikasketak egiten ari dira. Gainera, kexagileak dioenez, 9 urte daramatza Etxebiden izena emanda, baina ez diote etxebizitzarik esleitu.

Bere espedienteari buruzko informazioa eskatu ondoren, interesdunak egiaztatu zuen 10 puntu kendu zizkiotela, guraso bakarreko familia-unitaterik osatzen ez zuela iritzita. Izan ere, EAEn ez dago lege mailako araudirik, ez "guraso bakarreko familia" kontzeptua definitzen duenik, ezta ere bizikidetza-unitateko kideek guraso bakarreko familiatzat jo ditzaten edo halakotzat hartuta jarrai dezaten zer baldintza bete behar dituzten ezartzen duenik.

Legean definiziorik ez dagoenez gero, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak barne-irizpide bat ezartzea erabaki du, bere jarduera-eremu zehatzean oro har erabiltzeko.

Barne-irizpide hori ezarriz, gurasoak eta bere ardurapeko seme-alaba adingabeek osatutako familiari soilik ematen zaizkio 10 puntu.

Hala ere, Arartekoari ez zaio egokia iruditzen euskal herri-administrazioa osatzen duen sail edo organo bakoitzak bere irizpidea izatea guraso bakarreko familiatzat zer hartu behar den erabakitzeko orduan. Horrez gain, bere ustez, familia bat guraso bakarrekoa den ala ez erabakitzean, ez da kontuan hartu behar familia-unitateko seme-alaben adina bakarrik, baizik eta egiaztatu behar da seme-alabak mendekotasun ekonomikoa duten ala ez.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatu dio berriz azter dezala kexagilearen espedienteari emandako puntuazioa, eta baldintzak betetzen baditu, eman diezazkiola 10 puntuak, etxebizitzaren premia berezia egiaztatuta baitago.

Era berean, eskatu dio berrazter dezala bizikidetza-unitateak guraso bakarrekotzat jotzeko erabiltzen duen barne-irizpidea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 7a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2018R-2198-16 Ebazpena, 2018ko urriaren 22koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrazter dezala "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako espediente bati aitortutako puntuazioa. Arartekoaren 2018R-2198-16 Ebazpena, 2018ko urriaren 22koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrazter dezala "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako espediente bati aitortutako puntuazioa.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad