ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNEAN


Emakumeenganako indarkeriari ez - AZAROA

2018ko azaroaren 25a

Emakumeen aurkako eraso bakoitzak erakusten du, zoritxarrez, porrot egiten ari direla indarkeriarik gabeko gizarterantz aurrera egiteko hainbeste ahalegin sozial eta instituzional
Vitoria-Gasteiz

Genero-indarkeria, oraindik ere, gure gizarteko gaitz higuingarria da eta aldiro-aldiro urratzen ditu emakumeen, neskatoen eta mutikoen eskubide ezin besterenduzkoak. Indarkeria matxistak urtero bizia kentzen die errugabeei, eta hori gutxi balitz, nekatu gabe erasotzen die matxismoaren muturreko adierazpen horren izutik bizirik atera ostean, beren bizitza hautsita, minduta eta ezinduta ikusten dutenen osotasun fisiko eta moralari, haien duintasunari.

Urtea joan eta urtea etorri, erakunde honek egun honetan biktima horiek gogora ekarri nahi izaten ditu, hildakoak nahiz oraindik bizirik dirautenak, beraien alde gure ahotsa irmo goratzen jarraitzeko, erakundeei oraindik ere gogorarazteko zein garrantzitsua den berdintasunaren aldeko politikak indartzea eta Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunean orain urtebete hartu ziren neurri guztiak lehenbailehen gauzatzea.

Euskadin, Santurtzi izan da, orain dela gutxi, krimen matxista gaitzesgarri bat egin den azken tokia. Bi biktima utzi ditu, emakume bat eta bere semea, larriki zaurituta. Emakumeen aurkako eraso bakoitzak erakusten du, zoritxarrez, porrot egiten ari direla indarkeriarik gabeko gizarterantz aurrera egiteko hainbeste ahalegin sozial eta instituzional, eta autokritikazko hausnarketara eraman behar gaitu berriro, indarkeria prebenitzeko dauden neurriak ebaluatzera eta gehitzera bideratuta, emakumeak eta beren seme-alabak babesteko, batez ere salaketak lehendik eginak badira, eta beren bizitzak erabat lehengoratzeko, indarkeriatik bizirik ateratzea lortu badute.

Alabaina, era berean, krimen matxista bat burutzen den bakoitzean, berriz pentsatu behar dugu zer gizarte-eredu daukagun, oraindik izugarrikeria hori gertatzen bada. Horretarako, gizartearen geroa eraikitzen dugun pertsona eta erakunde guztiok jabetu behar dugu banakako erantzukizuna dugula gure neska-mutikoei balioak helarazteko orduan.

Gutako bakoitza da eredu eta erreferente, hezkuntza eragile, eta eragin izugarria dugu gure umeen oraingo eta geroko portaera-ereduak osatuko dituzten balioak garatzen. Orobat, Arartekoak eskatu nahi du norbanakoaren eta gizartearen erantzukizun hori baliatu eta, hinki-hankarik gabe, apustu egin dadila emakumeen eta gizonen berdintasunaren etikaren alde, bizitzako maila guztietan, izan ere, gizarte ikaragarri berdinzalea soilik egongo da indarkeria matxistatik libre.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 24a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad