OSAKIDETZAREN 2016-2017KO LEP-A


Ararteko erakundeak bukaera eman dio Osakidetzaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoaz (LEP) ofizioz egin duen jarduerari
Vitoria-Gasteiz

Nabarmendu beharra dago esku-hartze hori ez dela planteatu salatutako ustezko irregulartasunak argitzera bideratutako ikerketa gisa, horren arabera geroago erantzukizun pertsonalak eskatu ahal izateko. Zeregin hori une hauetan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Fiskaltzaren esku dago; Fiskaltzak luzatu egin ditu zabaldutako eginbideak.

Bestalde, susmopeko hautespen-prozesu batzuetan, errekurtsoak jarri dira justizia auzitegietan. Horregatik, Arartekoak, erakunde hau sortu zuen legean ezarritakoaren arabera, baldintzatuta ikusi ditu esku hartzeko aukerak, ezin baita organo judizialen lanean nahasi. Organo horiek ebatzi beharko dituzte errekurtso horiek, kolokan dauden eskubideak bermatuz.

Era berean, kontuan hartu behar da hautespen-prozesu guztietan, babestu beharreko interes eta itxaropen kontrajarriak izaten direla.

Dena dela, Arartekoaren ustez, arestian aipatutako ezerk ez dio eragozten azterketa kritikoa egitea Osakidetzaren 2016-2017ko LEP hau garatzeko moduaz eta egindako salaketen berri izan ostean hartu diren erabakiez; horrela, batez ere, gomendioak egin ditu datozen LEPei begira.

Arartekoak egindako hamabi gomendioen artean, bereziki nabarmendu nahi da honako hau: eztabaida sustatu behar dela, ahalik eta partaidetza handienarekin, neurri zehatzak proposatzeko, bermatu nahi baita Osakidetzaren geroko LEPak inpartzialtasun eta gardentasunaren eredu izango direla, eta haietan berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak oso-osorik beteko direla.

Nolanahi ere, Arartekoaren ustez, iraganeko LEPei buruz lortutako akordioetan esku hartu zuten eragile guztiek konpromiso berezia bereganatu behar dute, berrikuntzak eta hobekuntzak gehitzeari uko ez egiteko, hautespen-prozesuen kalitatea hobetu dadin, eta herritarrek konfiantza berreskuratu eta uste osoa izan dezaten prozesu horiek gardentasun eta inpartzialtasun printzipioak betez egingo direla.

Orobat, bere iritziz, datozen hilabeteetan azaldutako diren egoerak (filtrazioen susmopeko probak berriz egitea, 2016-2017ko LEPean sartu eta oraindik egin ez diren kategoria berezietako hautespen-probak burutzea eta iragarritako 2018-2019ko LEPa gauzatzea) aukera ona dira proposatutako neurrietakoren bat abian jartzeko, hautespen-prozesuetako eta hautespen-organoen objektibotasuna eta inpartzialtasuna indartzen ahalegintzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 30a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren Ebazpena, 2019ko urtarrilaren 25ekoa. Horren bidez, amaiera ematen zaio Osakidetzako 2016-2017ko LEParen inguruko ofiziozko jarduerari Arartekoaren Ebazpena, 2019ko urtarrilaren 25ekoa. Horren bidez, amaiera ematen zaio Osakidetzako 2016-2017ko LEParen inguruko ofiziozko jarduerari
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad