ARARTEKOAK GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIARI GOMENDATU DIO BEHARREZKO JARDUERAK EGIN DITZALA GIPUZKOARA FAMILIARIK GABE IRISTEN DIREN ADINGABE ATZERRITARRAK BEHAR BEZALA HARTZEKO


Arartekoak urtez urte euskal egoitza baliabideen sareko hainbat programa bisitatzen ditu, babesik gabe dauden haurrei eta nerabeei ematen zaien arreta ezagutu, ulertu eta horren kalitatea egiaztatzeko asmoz, eta, azken batean, dauzkaten eskubideak egoki gauzatzen direla baieztatzeko.

2016ko azken hilabeteez geroztik Euskadira familiarik gabe heltzen diren adingabe atzerritarren kopurua nabarmen hazi da; egoera horrek izugarri tenkatu du gizarte-zerbitzuen sistemak adingabe horien premiei erantzuteko ezarrita daukan egoitza baliabideen sarea. Zailtasunak egon badaudela jakinda eta zentroetan pertsona gehiegi egon daitezkeelako ematen den arretaz kezkatuta, 2017. urtetik Arartekoak sakonago aztertu ditu familiarik gabeko adingabe atzerritarrentzako premiazko harrera-zentroak (edo lehenengo harrera zentroak), hiru lurralde historikoetan.

Gipuzkoan, 2017. urtearen amaieran Ararteko erakundeko zenbait langilek Ubako zentroa bisitatu zuten, eta jarduera hura ebazpen honekin amaitu zen: Arartekoaren 3/2018/RGO Ebazpena, 2018ko urtarrilaren 24koa; horren bidez, familiarik gabeko adingabe atzerritarrak lehenengo harreran arta zitzaten iradoki zen.

Erakunde honek ondorio hau atera zuen: Ubako zentroan, une hartan, aurreikusitako gehienezko okupazioa zertxobait bat gainditu bazen ere, kontuan hartuta iritsierak denboran etengabe gehitu zirela (eta, itxuraz, epe laburrean ez zirela murriztuko) neurriz gaineko okupazioa finkatu eta areagotzeko arriskua zegoela.

Premiazko beharrak bermatuta zeudela adierazi zen, profesionalen taldea indartu egin zela eta baliabidearen orientazioari eta hezkuntza lanari eutsi ahal zitzaiola. Nolanahi ere, Arartekoak orduan ohartarazi zuenez, mutil asko ezustean iristearen ondorioz sortutako gehiegizko kopuruak arretaren kalitateari eragin ziezaiokeen; hala, Gipuzkoako Foru Aldundiari iradoki zitzaion arreta handia jar zezala zentroan izan zitekeen gehiegizko jende kopuruan eta horrek eragin zitzakeen ondorioetan.

Arartekoak gizarte erakundeekin dituen harremanen esparruan, SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkarteak kezka agertu zuen Ubako zentroan egondako gazte batzuek eman zuten informazioarengatik. Gazte horiek azaldu zuten zer esperientzia bizi izan zuten zentro horretan harreran egon ziren denboran, baita hartutako adingabe atzerritarrei nolako arreta ematen zitzaien Ubako solairuetako batean (hain zuzen, heldu berriak hartzeko erabiltzen den solairuan).

Informazio hori kontrastatu eta neska-mutilek zentro horretan izandako esperientziaz egin duten kontakizuna zuzenean aditu ondoren, Arartekoak bukatutzat jo du bere esku-hartzea, eta aldundiari gomendatu dio zenbait jarduera egin ditzala bakarrik dauden adingabe atzerritarrak behar bezala hartzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 6a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 5/2018/RGO Ebazpena, 2019ko urtarrilaren 29koa. Horren bidez,
Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatzen zaio behar diren jarduketak egin ditzala
Gipuzkoara heltzen diren eta familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrei harrera
egokia emateko. Arartekoaren 5/2018/RGO Ebazpena, 2019ko urtarrilaren 29koa. Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatzen zaio behar diren jarduketak egin ditzala Gipuzkoara heltzen diren eta familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrei harrera egokia emateko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad