ARARTEKOAREN 2018KO TXOSTENA EUSKO LEGEBILTZARRARI



Vitoria-Gasteiz

2018. urtean barrena, guztira 14.549 jarduera egin dira (aurreko urtean baino %8 gehiago). Horietatik 9.205, kexak eta kontsultak izan dira, eta 61, ofiziozko espedienteak. 11.542 zerbitzu egin ditugu herritarren arretarako bulegoetan: ia 5.000 telefonoz, eta 6.500 aurrez aurre, informazio eta aholku eske gure hiru bulegoetako batera etorri diren pertsonak artatzen.

2018an 1.658 kexa-espediente ebatzi ditugu eta 1.113 ebazpen eman. Ebazpen horiek aztertuta, jarduera okerren bat zegoela iritzi diogu horien %53tan (2017koa baino ehuneko handixeagoa, ordukoa %48koa izan baitzen).

Eragindako administrazioak kexa sorrarazi zuen jarduera zuzendu eta aldatu du kasuetatik ia %84tan. Gehienetan Arartekoak ez du gomendio formalik egin behar izan.

Kontuan hartzen badugu kexa idatziak zein arlo tematikorekin dauden lotuta, behera egin dute gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoekin loturiko kexek: 713 izan dira (2017ko 829 kexen aldean). Horietako askok Lanbideren funtzionamenduarekin dute zerikusia, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) kudeatzerakoan egin dituen jarduerekin.

Beste arlo hauetan ere jarduera bizia nabari da: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak. Horrela, Arartekoak bideratu dituen kexa-espedienteetatik %55ek baino gehiagok eskubide sozialekin dute lotura. Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko kexa idatziak ere ugariak dira. Horietako asko, gizarteratze arlokoak barne, gizon-emakume guztien benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko politika publikoekin lotuta daude. Hori lortzeko, emakumeei, adinekoei, ume eta nerabeei, desgaituei, LGTB pertsonei, etorkinei, ijitoei eta abarri eskubide hori baliatzea eragozten edo zailtzen dieten oztopoak kendu behar dira.

Bideratutako kexa-espedienteek administrazio bakoitzari zer proportziotan eragiten dioten adierazten duten datuak aztertuta, aurreko urteetan bezala, 2018an Eusko Jaurlaritzaren kontra egin dira kexa idatzirik gehienak (%60 baino gehiago), eta zertxobait gehitu dira gure autonomia erkidegoko udalen jarduerei buruzkoak (%27).

Edonola ere, espedienteetan nahastutako administrazioak ikertzeak ez du esan nahi jarduera okerrik egin dutenik, baizik eta haien jardueraren batek erreklamazioa sorrarazi duela.

Ikuskatzeko 10 bisita ere egin ditugu, eta 78 bilera gizarte-erakundeekin eta 86 zenbait administraziorekin.


2018an honako txosten berezi hau aurkeztu dugu: Euskal Herria energia-eredu iraunkor batera igarotzea.


HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

2018an, 729 kexa-espedientetan aipatu da argi eta garbi haurren eta nerabeen presentzia edo inplikazioa, alegia, Ararteko erakundeari egindako kexa guztietatik %27,97tan. Gaiei dagokienez, %41k zerikusia dute haurrei bizi-maila egokia ahalbidetuko dieten baldintza materialekin, hau da, diru-sarrerak bermatzeko sistemekin eta etxebizitzarekin; %38k hezkuntza-sistemako arazoekin; eta gainontzeko %21ek gizarte-zerbitzuekin, familiei laguntzeko politikekin, osasun-sistemarekin (%4), justizia administrazioaren zerbitzuen jarduerekin (%2), eskola-kirolarekin (%1,5) eta eragin gutxiko beste arlo batzuekin.


GOGOBETETZE MAILA

Duela zenbait urte, herritarrengana hurbiltzeko bidea hasi genuen, esku hartzeko eskatu diguten pertsonen iritzia jakin eta, horrela, eskaintzen dugun zerbitzua hobetzeko. Horregatik, kexa-espediente baten izapideak amaitzen ditugunean, kexagileari galdera-sorta bat bidali eta eskatzen diogu, nahi badu eta izenik eman gabe, galdera batzuei erantzun diezaiela, gure zerbitzuaz zer balorazio egin duen jakin dezagun.

Honatx emaitza horietako batzuk:

- Kexagileetatik %76k ontzat edo oso ontzat jo du jaso duen arreta.

- %77k baino gehiagori oso ona edo nahiko ona iruditu zaio Arartekoaren esku-hartzea.

- %83k baino gehiagok Arartekora jotzeko gomendatuko liekete administrazioarekin arazoren bat dutenei.

2018an, Arartekoak harremana sendotzen jarraitu du giza eskubideak babesteko nazioarteko zenbait erakunderekin, eta harreman biziagoa izan du honako hauekin: IOI (International Ombudsman Institute), ENO (European Network of Ombudsman) FIO (Federación Iberoamericana del Ombudsman), IACLC (Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea) eta ENOC (European Network of Ombudspersons for Children). Era berean, bi aldeko harremana izan du nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Europako zenbait herrialdetako ombudsmanekin. Gainera, harremanak eta baterako ekimenak gehitu ditu Estatuko defentsa-erakundeekin.


2019ko apirilaren 3a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Urteko txostenak
Eusko Legebiltzarrarentzako urteko txostena 2018 Eusko Legebiltzarrarentzako urteko txostena 2018
Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2018 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2018 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena
Arartekoaren interbentzioa 2019-04-2 Arartekoaren interbentzioa 2019-04-2
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad