LANBIDEK BERE EBAZPENETAN JAKINARAZIKO DU ETXEBIDEN NAHITAEZ IZENA EMAN BEHARRA DAGOELA HORRETARAKO BALDINTZAK BETETZEN BADIRA


Horrela, Enpleguko Euskal Zerbitzuak onartu egin du Arartekoaren gomendioa. Izan ere, Lanbidek herritar bati diru-kopuru handia eskatzen ziola eta, kexa bat bideratu zuen Arartekoak.


Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekora jo zuen, Lanbidek ia 13.000 euro eskatzen baitzizkion, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarri (EPO) gisa oker jaso zituelako. Kexagilea Etxebiden izena emanda ez zegoelako eskatu zion kopuru hori.

Erreklamatzeko prozeduran egin zituen alegazioetan, herritar horrek adierazi zuen ez zuela izenik eman 2011. urtean, ez baitzioten utzi, eskatutako diru-sarrerak egiaztatu ez zituelako.

Bi urte geroago, 2013an, Lanbidek zenbait agiri eskatu zizkion, besteak beste, Etxebiden izena emanda zegoela egiaztatzeko agiria. Ondoren, Enpleguko Euskal Zerbitzuak errezibo bat eman zion, eskatutako agiriak aurkeztu zituela egiaztatzen zuena; horregatik, kexagileak uste zuen bere espedientea zuzen zegoela.

Arartekoak informazioa galdegin zion Lanbideri, eta hark erantzun zuen kexagilea DSBE kobratzen ari zela 2010. urteaz geroztik, eta, hortaz, Etxebidek izena emateko ezarrita duen muga (3.000 euro) gainditzen zuten diru-sarrerak zituela. Gainera, Lanbideren aburuz, izapide hori 2013an bakarrik eskatu bazion ere, titularrak jakin beharra zeukan bete behar zuen obligazio bat zela.

Espedientea aztertu eta gero, Arartekoak uste du salatzaileak izapide hori egin behar zuela jakin izan balu, egingo zukeela, eskaera baten administrazio-izapide bat besterik ez baita.

Beraz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari zenbait hobekuntza egiteko iradoki zion, Lanbideren bulegoetan herritarrak artatzeari zegokionez. Zehazki, hauxe eskatu zion: DSBE eta EPO ematea erabakitzen badu eta Etxebiden izena ematea ukatzen duen ebazpen bat tartean badago, prestazioa emateko ebazpenean bertan adieraz dadila erregistroan alta eskatu behar dela data jakin batean, hau da, araudiaren ondorioetarako, haztatutako diru-sarrera nahikoak dituela egiaztatzen duen egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 23a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2018S-1715-16 Ebazpena, 2018ko ekainaren 12koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari iradokitzen zaio hobekuntza jakin batzuk egin ditzala Lanbideko bulegoetan herritarrak artatzean. Arartekoaren 2018S-1715-16 Ebazpena, 2018ko ekainaren 12koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari iradokitzen zaio hobekuntza jakin batzuk egin ditzala Lanbideko bulegoetan herritarrak artatzean.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad