ARARTEKOAK ESKATU DU BERRIZ AZTER DADILA DIRU-LAGUNTZAK BERTAN BEHERA UZTEKO ERABAKI BAT, BERE USTEZ EZ BAITA URRATU EDUKI EKONOMIKOKO ESKUBIDE BAT BALIATZEKO BETEBEHARRA



Vitoria-Gasteiz

Bere kargura alaba adingabea zuen emakume batek Arartekora jo zuen, izan ere, bertan behera utzi zizkioten diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO), eta horiek ziren bere bizibide bakarra. Hori egiteko arrazoi hau eman zioten: ez zuela bete "eduki ekonomikoko eskubideak baliatzeko" betebeharra, hau da, ez zuela salatu bere bikote ohiak aldiro-aldiro ez ziola ordaintzen mantenu-pentsioa.

Salatzailea genero-indarkeriaren biktima da, bere bikote ohiak urruntzeko agindua bete behar du 2013tik, eta Ertzaintzak bi urtez eskoltatu du, "biktimaren osotasun fisikorako arrisku handia" zegoelako, eta hura zaintzeko dispositibo jarraitua ezarri zen. Gainera, tratamendu onkologikoa jasotzen ari zen, burmuinean ezin operatuzko tumoreak zituelako, eta kaleratze-agindua jaso zuen. Egoera horretan, 2015. urteaz geroztik, ez zuen judizialki erreklamatu bere bikote ohiak hilero ez ziola ordaintzen mantenu-pentsioa, haren beldur zelako, behar bezala oinarritutako arrazoiengatik, eta salaketak ondorioak izan zitzakeelako. Hala ere, Lanbidek ez zituen onartu berak egindako alegazioak, ezta aurkeztu zituen agiri judizial eta polizialak ere, eta amaitutzat jo zuen diru-laguntzak jasotzeko eskubidea; gainera, oker jasotako kopuruak erreklamatu zizkion.

Arartekoak gogorarazi nahi du pobrezia-egoerek bereziki eragiten dietela emakumeek eta beren kargurako seme-alabek osatzen dituzten guraso bakarreko familiei. Eta are kalteberagoak dira genero-indarkeriaren biktimak, DSBE/EPOren eskatzaileak eta horien titular direnak, bai baldintzei dagokienez, bai betebeharrei dagokienez. Gainera, Lanbidek bere irizpideen agirian jasota duenez, genero-indarkeria salbuespentzat jo beharko litzateke eduki ekonomikoko eskubideak baliatzeko betebehar horiek betetzeko orduan.

Hori guztia Arartekoak emakumearen kontrako eta etxe barruko indarkeria prebenitu eta horren kontra borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenarekin (Istanbul) lotzen du. Honela dio hitzarmen horrek: "Zerbitzu emateak ez du biktimen borondatearen mende egon behar, legezko ekintza ekiteari edo edozein delitu-egileren aurka lekukotza egiteari dagokienez".

Azken batean, Arartekoaren iritziz, pertsona horrek ez du urratu eduki ekonomikoko eskubide edo prestazio bat baliatzeko betebeharra, baldin eta behar bezala haztatzen badira pairatzen ari den genero-indarkeria (txosten sanitario, polizial eta judizialen bidez egiaztatutakoa) eta adingabearen interes gorenerako eskubidea. Kexagilea, gizartean baztertua ez ezik, oso egoera kalteberan dago, eta hiru aldiz zigortua: urte askoan bere alabari dagokion mantenu-pentsioa ordaindu ez diotelako; bakarrik, indarkeriazko eta osasunik gabeko egoeran egin behar diolako aurre bizikidetza-unitatearen oinarrizko beharrak asetzeari; eta Lanbidek bertan behera utzi diolako DSBE/EPO jasotzeko eskubidea, aldizka pentsio bat betearazteko auzi-eskerik egin ez duelako. Horrek guztiak larriagotu egin dezake jada nozitzen duen indarkeria.

Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari iradoki dio berriz azter dezala diru-laguntza horiek amaitzeko erabakia, bada, bere ustez, pertsona horrek ez du urratu eduki ekonomikoko eskubide edo prestazio bat baliatzeko betebeharra.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 13a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoren 2019S-2469-18 Ebazpena, 2019ko maiatzaren 17koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari iradokitzen zaio diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria iraungitzeko ebazpen bat berrikustea, eskubide edo prestazio ekonomiko bat erabiltzeko betebeharra ez delako bete, bere genero-indarkeriako egoera, osasun, polizia eta judizio txostenen bidez egiaztatuta dagoena, eta adingabearen interes gorenerako eskubidea behar bezala haztatzen badira Arartekoren 2019S-2469-18 Ebazpena, 2019ko maiatzaren 17koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari iradokitzen zaio diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria iraungitzeko ebazpen bat berrikustea, eskubide edo prestazio ekonomiko bat erabiltzeko betebeharra ez delako bete, bere genero-indarkeriako egoera, osasun, polizia eta judizio txostenen bidez egiaztatuta dagoena, eta adingabearen interes gorenerako eskubidea behar bezala haztatzen badira
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad