BILERA EGIN DU OMBUDSMANAREN IBEROAMERIKAKO FEDERAZIOAREN EMAKUMEEN DEFENTSA-ERAKUNDEEN SAREKO EUROPAKO ESKUALDEAK


Sexu- eta ugalketa-eskubideak eta indarkeria obstetrikoa


Vitoria-Gasteiz

Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren Emakumeen Defentsa-erakundeen Sareko Europako eskualdeko kideak Gasteizen bildu dira. Bertan, lan-jardunaldiak egin dira, sexu- eta ugalketa-eskubideak eskualde horretan zer egoeratan dauden aztertzeko. Julia Hernández arartekoaren ondokoa da sare horren Europako eskualdeko koordinatzailea. Sareak denbora luzea darama topaketa horretan aztertu diren gaiak lantzen.

Sexu- eta ugalketa-eskubideak oinarrizko giza eskubideak dira eta osasunerako giza eskubidearen zati bat, Biztanleriari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Bilkuran onartu zenez (Kairo, 1994).

Indarkeria obstetrikoa, berriz, emakumeen gorputzean eta ugaltze-prozesuetan egiten den indarkeria da, eta ez da indarkeria fisikoa bakarrik, baizik eta baita indarkeria psikikoa ere. Haurdun dauden emakumeenganako gizatasunik gabeko tratuan ikusten da batez ere, eta osasun sexualean, haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean azaltzen diren jokaera mehatxatzaileetan.

Jardunaldietan ateratako ondorioetan, parte-hartzaileek nabarmendu dute sexualitatearen garapena eta ugaltzeko ahalmena zuzenean lotuta daudela norbanakoaren duintasunarekin eta nortasuna aske garatzearekin, eta oinarrizko eskubideen bitartez babestuta daudela, bereziki norberaren eta familiaren osotasun fisiko nahiz morala eta intimitatea bermatzen dutenen bitartez.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 14a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Adierazpena 2019-06-14 Adierazpena 2019-06-14
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad