ARARTEKOAREN KOMUNIKATUA HONDARRIBIKO ALARDEA DELA-ETA


2019ko irailaren 8a

Manuel Lezertua arartekoa Hondarribiko Alardearen ospakizunean izango da igande honetan
Hondarribia

Hondarribiko Alardea oso ospakizun esanguratsua eta hunkigarria da hondarribiar guztientzat. Ia 25 urte dira ospakizunak emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko espazioa dagoela, batez ere Jaizkibel konpainiako kideen ahaleginari esker. Aitzitik, nabaria da oraindik ere bizikidetza-arazoak sortu ohi direla kontu hori dela tarteko. Zenbait urtez egoera pixkanaka baretzen joan ondoren, 2018ko Alardearen ospakizunean izandako istiluek kezka handia sortu zuten gizartearengan, eta orokortu egin zen irtenbidea emateko deia, euskal gizartea bezalako gizarte demokratiko eta aurreratu batean nagusitu behar duten oinarrizko arauak errespetatzen direla bermatzeko.

Arartekoa, pertsonen eskubideak defendatzeaz arduratzen den Eusko Legebiltzarraren goi-ordezkaria, ekitaldi horretan izango da datorren igandean, ikusarazteko oso garrantzitsua dela pertsonen oinarrizko eskubideak -berdintasunerako eskubidea, adierazpen- eta pentsamendu-askatasuna eta bizikidetza baketsua- errespetatzea. Gainera, azpimarratu nahi dugu botere publikoek funtsezko zeregina betetzen dutela emakumeei eta gizonei dagozkien eskubideak berdintasunez erabiltzeko aukera emateko eta jai-giroan bizikidetza eragozten duten oztopoak kentzeko orduan.

Arartekoak pentsatzen du beharrezkoa dela tirabirarik gabeko elkarrizketa soziala sortzea gai horren inguruan, elkarrekiko konfiantzazko giroan, beharrezkotzat jotzen den erakunde-babesaz. Badakigu aurten zenbait ekimen egin direla zentzu horretan, eta, tamalez, ez dutela arrakastarik izan. Hala ere, babesa ematen die elkarrizketa eta elkarrekiko konfiantza sustatzen duten proposamenei, eta prest dago horrelakoak eskura jartzeko edo bultzatzeko beharrezkotzat jotzen bada. Benetan uste dugu elkarrizketa dela irtenbidea bilatzeko modu bakarra -argi dago udalerriko gehiengo sozialak eskatzen duela konponbidea bila dadila-, eta horrek ekarriko duela bizikidetza hausten duten gorabeherak amaitzea.

Nolanahi ere, Arartekoak aukera baliatu nahi du adierazteko espero duela, datorren igandean, fede oneko hondarribiar guztiek lagunduko dutela ekitaldi horretako parte-hartzaile guztiek bete-betean goza dezaten ospakizunaz, jaia pozez, giro onaz eta emozioz betea egon dadin, eta errespetatuko dutela pertsona guztiek dagozkien eskubideak eta askatasunak erabateko askatasunaz baliatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 6a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad