KLIMA-EKINTZARAKO ESKUBIDEAK SERIO HARTZEA


20019ko irailaren 27a


Berria


Klima-larrialdiko beste aro baten aurrean gaude. Planetaren berotze globala, giza jarduerak eragindako berotegi-efektuko gasen isurpenen ondoriozkoa, gizarte-kezka gero eta handiagoa izatetik ebidentzia zientifiko eztabaidaezin bihurtzera igaro da. Klimari buruzko 2015eko Parisko Biltzarrean (COP21), klimari buruzko munduko lehenengo akordio loteslea sinatu zuten 195 herrialdek, berotze globala 2 ºC-ra baino askoz gutxiagora murrizteko mundu-mailako ekintza-plan bat ezartze aldera. Bien bitartean, berotze globalaren prozesuak aurrera jarraitzen du! Nazioarteko testuinguru horretan, planetako nazioetako eta eskualdeetako gobernuen gehiengo handi bat gizartearen deskarbonizazioa lortzen laguntzeko neurri zehatzak adosten, diseinatzen eta abian jartzen ari da, gogo handiagoz ala txikiagoz.

Nazioarteko konpromiso horiek betetzeko premiaren eraginez, klima-ekintzaren inguruko gizarte-eskari sortu berria zuzentzen ari zaie gobernuko arduradunei, gure belaunaldiaren giza eskubideak berma ditzaten, eta ez ditzaten arriskuan jarri datozen belaunaldienak. Gobernuek klima-ekintza abian jartzeko duten betebehar hori barru-barruraino sartzen ari zaie herritarren kolektiboei, eta astero exijitzen ari zaizkie planeta osoko erakunde zein gobernuei ekarpen deliberatu eta eraginkorragoak egin ditzaten milurtekoko erronkarik garrantzitsuenari aurre egiteko. 2018ko abuztuan Suediako Parlamentuan manifestatzen hasitako Greta Thunberg ekintzaile suediarraren arrastoari jarraituz, gazteak izan dira, nagusiki, klimaren aldeko mobilizazio masiboak egiten lehenak. Horren adibide dira nazioarteko zenbait mugimendu, hala nola Fridays For Future. Horietan, herritar gazteenek berotze globalaren eta klima-aldaketaren aurkako premiazko ekintzak abiarazteko eskatzen dute, modu baketsuan. Mota horretako ekintzen eredu bat da irailaren 27rako aurreikusita dagoen Klimaren aldeko Munduko Greba. Espainian, 300 erakunde baino gehiago atxiki zaizkio ekimen horri.

Joan den 2019ko uztailaren 30ean, klima-larrialdiari buruzko erakunde-adierazpena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta, horren bidez, berretsi egin zuen Klima 2050 Klima Aldaketaren aurkako Estrategiarekiko eta 2030 Energia Estrategiarekiko Euskadik duen konpromisoa. Klima- eta ingurumen-larrialdiko adierazpen formal horrekin, honako helburu hau lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak: Euskadi karbonoan neutroa izan dadin 2050. urtearen aurretik, edo, bestela, bidezko trantsizio batek horretarako bide eman bezain laster. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzak argi erakutsi du zein den jarraitu beharreko bidea, beste lurralde batzuei aurrea hartuz, eta erantzun irmoa emanez berotze globalaren aurkako gizarte-eskari gero eta ugariagoei, horiek exijitzen ari baitira politika publikoak mundu-mailako konpromisoekin bat etor daitezen, klima aldaketa moteltzeko eta, ahal den heinean, gelditzeko.

Adierazpen eta konpromiso garrantzitsu horiek premiazko eta berehalako tokiko ekintzetan gauzatu beharraren inguruan hausnartzea komeni da. Erakundeei ez ezik herritarrei ere dagokie ekintza horiek aurrera eramatea. Horixe da, hain zuzen ere, mugikortasun jasangarriko ekintza-neurrien kasua. Neurri horiek aplikatzeko, energia fosilen kontsumoari uko egin behar zaio, eta horrek halabeharrez aldatuko du gure bizimodua, batik bat bidaiatzeko eta eguneroko bizitzan joan-etorriak egiteko dugun modua.

Dworkin legelari ipar-amerikar ospetsuaren hitzetan, serio hartu behar ditugu klima-eskubideak. Horretarako, premiazkoa da eskubide horiek formalki aitortzen direla bermatzen duten neurri eta konponbideak aplikatzea, eta haiek babesteko behar adina mekanismo juridiko ezartzea. Gauzak horrela, klima-eskubideak baliatzeko ekintza-publikoa -halakotzat ulertzen da berotegi-efektuko gasen igorpenetan neutroa den gizartea bermatuko duten ekintza-neurri zehatzak har ditzaten erreklamatzeko herritarrek duten eskubidea- funtsezkoa izan beharko litzateke eskubideak programetan edo adierazpenetan aitortze hutsaz harago joateko.

Era berean, hurrengo bi hamarkadetan energia-eredu deskarbonizaturako bidezko trantsizioa egingo badugu, kolektibo zaurgarrienak alde batera utzi gabe, premiazko itun soziala sinatu beharra dago. Arartekoak, Euskadiko herriaren defendatzailea eta etorkizuneko belaunaldien defendatzailea izanik, 2018ko urrian Eusko Legebiltzarrari aurkeztu dion trantsizio energetikoari buruzko txosten berezian adierazi du ezinbestekoa dela gizarte-eztabaida zabala antolatzea, trantsizio energetikoaren prozesuak ataka gainditzeko. Behar adina baliabide eta mekanismo jarri behar dira, adostasuna bilatzeko, energia- eta klima-arloko nazioarteko konpromisoak behar bezala betetzen direla bermatze aldera.

Itun sozial hori lortzeko, klima-larrialdiaren adierazpena egitetik klima-ekintzarako eskubideen katalogoa aitortzera igaro beharko litzateke, eta, eskubide horiek serio hartuta, haiek eraginkortasunez kontrolatzeko behar adina mekanismo eta berme ezarri. Euskadik mundu-mailako erronka honetan dagokion eran joka dezan, ezinbestekoa izango da belaunaldi honetako euskal herritar guztien konpromisoa. Hurrengo belaunaldiak eskertu egingo digu.

Manuel Lezertua Rodriguez
Arartekoa

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad