ARARTEKOAK ERANDIOKO UDALARI GOMENDATU DIO BEHARREZKO NEURRIAK HAR DITZALA OSTALARITZA ESTABLEZIMENDU BATZUETAN BAIMENIK GABE JARRITAKO TERRAZAK KENTZEKO



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari azaldu zionez, Erandioko Udaleko alkateak baimenik gabe jarri ziren terraza batzuk kentzeko agindua eman zuen, baina ez zen bete. Terraza horiek ezin ziren legeztatu, ezin baitzituzten bete udal ordenantzan eta irisgarritasun araudian ezarritako baldintzak.

Kexagilearen esanean, 2018ko maiatzean Arartekoak bukatutzat jo zuen bere jarduera beste kexa-espediente batean, izan ere, udalak terraza horiek kentzeko agindua eman zuen.

Hala ere, interesdunak dioenez, terrazek bere horretan jarduten dute, eta udalak ez du betearazi mahaiak eta aulkiak kentzeko agindua. Egun bateko epea eman zuen horretarako.

Arartekoak informazioa eskatu zion udalari, baina jasotako erantzunean ez zen egiaztatu terrazak kentzeko agindua bete zenik. Egiaz, Udaltzaingoak ordenantza eta Alkatetza-agindua bete zituela hitzeman besterik ez zuen egin, baina agindutakoa betetzeko neurririk hartu gabe.

Horregatik, Arartekoak gomendio bat egin dio Erandioko Udalari, besteak beste, baimenik gabe jarritako terrazak kentzeko aginduak betearaz ditzan eta, legea urratu dela egiaztatzen bada, beharrezko neurriak har ditzan agindutakoa ordezko gisa betearazteko.

Era berean, zigortzeko dagozkion espedienteak zabaldu ditzala eskatu dio, terrazak eta mahaitxoak arautzen dituen ordenantza urratzeagatik, baldin eta jabari publikoa baimenik gabe okupatzen bada edo baimenik ez izateagatik instalazioa kentzeko eskatzen duenean, eskaera betetzen ez bada.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 14a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2019R -1113 -18 Ebazpena, 2019ko irailaren 11koa. Horren bidez,
Erandioko Udalari gomendatu zaio behar diren neurriak har ditzala zenbait
ostalaritza-establezimenduk baimenik gabe jarri dituzten terrazak kentzeko. Arartekoaren 2019R -1113 -18 Ebazpena, 2019ko irailaren 11koa. Horren bidez, Erandioko Udalari gomendatu zaio behar diren neurriak har ditzala zenbait ostalaritza-establezimenduk baimenik gabe jarri dituzten terrazak kentzeko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad