ARARTEKOAK ESKU HARTU ONDOREN, ZARAUZKO UDALAK BALIOGABETU EGIN DU TAO BEREIZGARRIRIK GABE APARKATZEAGATIK OKER JARRITAKO ISUN BAT



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek esku har zezan galdegin zion Arartekoari. Izan ere, TAO zaindari batek salaketa jarri zuen beraren ibilgailuaren kontra, egoiliarrentzat gordetako eremu edo sektore batean aparkatzeagatik, ibilgailuak horretarako baimena ematen duen bereizgarririk ez zuela. Horren ondorioz, Zarauzko Udalak isuna ipini zion.

Interesduna Guadalajarako herri batean bizi da eta ziur adierazi zuen bere ibilgailua inoiz ez zela Zarautzen egon eta ez zela Euskal Herrian barrena ibili ere.

Beraz, bere ustez, TAO zaindaria nahastu egin zen ibilgailu arau-hauslearen matrikula salaketan idazterakoan, eta agiri hartan idatzitako ibilgailu-kolorea ere ez zen bere ibilgailuarena. Gainera, egun hartan bere ibilgailua Guadalajararantz omen zihoan, A-2 autobidean.

Alegazio horiek egin zituen, udalak Trafikoko Zuzendaritza Nagusian egiaztatu ahal izan zezan ibilgailu hura bide hartan zebilela, baldin eta radarrek atzeman bazuten. Berak ere eskatu omen zuen informazio hura, baina ez omen zuen erantzunik jaso.

Kexagilearen ustez, udalak urratu egin zuen errugabetasun-presuntziorako eskubidea, izan ere, arau-haustea frogatutzat jo zuen, besterik gabe, TAO zaindariaren salaketan oinarrituta. Ez zituen ikertu bere alegazioak eta ez zituen aintzat hartu bere ibilgailua ezin zela salatutako hura izan erakusteko eman zituen arrastoak.

Zarauzko Udalari laguntza eskatu genion, eta hark jakinarazi digu zigortzeko prozedura berriz aztertu ostean, matrikula idazteko orduan akats bat egin zela, eta, egiaz, salatutako ibilgailua ez zela kexagilearena. Beraz, udalak baliogabetu egin du isuna.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 14a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad