ARARTEKOAK OFIZIOZKO JARDUERA BAT BUKATU DU PRESTAZIO BATZUK ERREKLAMATZEKO PROZEDURETAN LANBIDEK EBAZPENAK JAKINARAZTEARI BURUZ



Vitoria-Gasteiz

Zenbait herritarrek Arartekoari adierazi ziotenez, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak erreklamazio bat egin zien betearazpen-bidean, oker jasotako prestazio ekonomiko batzuen ondorioz sortu zen zorragatik, zorra ez baitzen borondatezko epean ordaindu. Pertsona haiek esandakoaren arabera, ez zekiten zor horren berri, eta denek ezaugarri berbera zuten: helbidea aldatu zuten Lanbiderekin harremana amaitu ostean, gehienek lanean hasi eta diru-sarrerak zituztelako. Orobat, ez zeuden ados zorra sortu zuten arrazoiekin, eta nabarmendu zuten ez zutela beren iritzia argudiatzerik izan, ez baitzieten jakinarazi ez itzulketa-prozeduraren hasiera, ezta azken ebazpena ere.

Arartekoak ofiziozko jarduera hasi zuen eta laguntza eskatu zion Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, Lanbidek nola jokatu zuen jakiteko.

Ofiziozko espediente horren bidez, bi gauza aztertu nahi izan dira: alde batetik, ea Lanbidek behar bezala jakinarazi dituen oker jasotako prestazioen itzulketa-prozeduraren fase desberdinak, prestazioen titular izateari utzi dioten pertsonen kasuan. Horretarako, argitu behar izan da ea Lanbidek DSBEaren titularrei informazio nahikoa eman dien espedienteak berraztertzeko aukerari buruz beraien arteko harreman juridikoa amaitu eta gero eta helbide-aldaketak jakinarazi beharrari buruz. Eta, beste aldetik, ea Lanbidek nola jokatu duen prestazioak erreklamatzeko prozeduran izan diren aldaketen inguruan, eta hobetzeko zer neurri hartu dituen azken urteotan.

Arartekoaren ustez, araudian ez dago ezarrita bat-bateko helbide-aldaketak jakinarazi behar direnik Lanbiderekin harreman juridikoa amaitu ondoren. Era berean, gure iritzian, Lanbidek ez zituen burutu behar bezalako jarduera bermatzaileak bere ustez betebehar bat den hori gogorarazteko, ez behintzat 2016. urtea baino lehenago.

Erakunde honen aburuz, Lanbidek idatziz eta espresuki jakinarazi behar zuen helbide-aldaketa jakinarazteko betebeharra, eta adierazi behar zuen 4 urteko epea dagoela espedientea berraztertzeko, eta itzulketa-prozedura bat has daitekeela.

Egia da gaur egun informazio askoz argiagoa agertzen dela prestazioak eten, amaitu edo ez berritzeko ebazpenetan.

Beraz, Arartekoari egokia iruditzen zaio prestazioen titularraren eta Lanbideren arteko harremana bukatzeko ebazpenetan, honako hau aurreratzea: ohiko bizilekuaren aldaketa jakinarazteko betebeharrak bere horretan irauten duela, nahiz eta prestazioen titular izateari utzi. Orobat, egokia iruditzen zaio ohartaraztea oker jasotako prestazioak sor daitezkeela gerora.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 16a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020IR-38-19 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 10ekoa. Horren bitartez, erakunde honek egindako ofiziozko jarduketa amaitu da. Hona hemen jarduketa horren xedea: prestazioen titular izateari utzi dioten herritarrei diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria erreklamatzeko prozeduretan Lanbideren ebazpenak jakinarazi beharra. Arartekoaren 2020IR-38-19 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 10ekoa. Horren bitartez, erakunde honek egindako ofiziozko jarduketa amaitu da. Hona hemen jarduketa horren xedea: prestazioen titular izateari utzi dioten herritarrei diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria erreklamatzeko prozeduretan Lanbideren ebazpenak jakinarazi beharra.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad