BALIOGABETU EGIN DUTE HERRITAR BATI JARRITAKO ISUNA. HARK DESGAITUENTZAKO TXARTELA ZEUKAN ARREN, ISUNA IPINI ZIOTEN LEGEZKO NEURRIAK BETETZEN EZ ZITUEN ERRESERBATUTAKO PLAZA BATEAN APARKATZEAGATIK



Vitoria-Gasteiz

Gasteizko Udalak isuna ipini zion desgaituentzako aparkatzeko txartela zeukan pertsona bati, bere ibilgailua "desgaituentzako toki batean aparkatzeagatik eta zirkulazio-errei bat partzialki oztopatzeagatik".

Udaltzainaren salaketan zehaztu zenez, ibilgailua aparkalekuaren mugetatik kanpo aparkatuta zegoen eta pasadizoa oztopatzen zien ibilgailu handiei.

Kexagileak onartu zuen bere ibilgailua erreserbatutako plazaren mugetatik kanpo aparkatuta zegoela, baina, hori justifikatzeko, adierazi zuen plaza hark ez zeuzkala legean ezarritako neurriak. Gainera, ukatu egin zuen bere ibilgailuak zirkulazioa oztopatzen zuenik. Bere esanean, egiaztatu egin zuen bere ibilgailuak ez ziela galtzadan pasadizoa eragozten beste ibilgailu batzuei, ezta kamioiei ere; horren erakusgarri da ibilgailua ez zutela handik erretiratu.

Emandako informazioa aztertu ondoren, Arartekoak Gasteizko Udalari helarazi zion kexaz egin zuen balorazioa.

Duda-mudazkoa da isuna jar ote dakiokeen desgaituentzako txartela daukan eta erreserbatutako leku batean aparkatzen duen pertsona bati, baldin eta isuna eragin duen egoera administrazio zigortzailearen legez kontrako jarduerak berak sortu badu. Izan ere, administrazioak irisgarritasun-araudia ez betetzearen ondorioz, azaldu duguna bezalako egoerak sor daitezke.

Horrez gain, nabarmendu behar da zer-nolako kaltea sor diezaiekeen desgaituei legezko neurriak ez dauzkaten aparkaleku-plazak egoteak, desgaituen taldea oso kaltebera baita eta horrexegatik erreserbatzen baitzaizkie aparkaleku horiek.

Gasteizko Udalak bere erantzunean jakinarazi digunez, isun hori baliogabetzea eta kexagileari ordaindutako diru-kopurua itzultzea erabaki du. Gainera, desgaituentzako aparkaleku-plaza guztiak berraztertuko omen ditu, tamainan, diseinuan, seinaleetan eta sarbidean arazorik ba ote dagoen ikusteko.

Arartekoak eskerrak eman dizkio Gasteizko Udalari bere laguntzagatik, izan ere, horri esker, espediente hau gomendiorik egin behar izan gabe konpondu da.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 21a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad