ARARTEKOAK BERE JARDUNA AMAITU DU BIDEAN ZENTROAREN FUNTZIONAMENDU TXARRARI BURUZKO KEXEI LOTUTA. ZENTRO HORI INDARKERIA MATXISTAREN BIKTIMA DIREN EMAKUMEEI ETA, HALA BADAGOKIO, HAIEN SEME-ALABEI HARRERA EGITEKO DA



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak ikerketa luze bat egin du azaldutako alderdien azpian zegoen errealitatea argitzeko. Bertan, informazio-iturri ugari hartu ditu kontuan, zalantzan jarritako baliabidearen bidez emakumeei emandako zerbitzuaren hainbat arlo kontuan hartzera behartzen zuen gaiaren ikuspegi ahalik eta osoena eta errealistena lortzeko. Hala, ebazpenean xehetasun handiagoz azaltzen denez, Arartekoak zentroan bertan egindako ikuskapenetatik ateratako ondorioetan oinarritu da ebazpena, bai eta honako hauetan ere: erabiltzaileei, langileei eta haien ordezkariei egindako elkarrizketetan, zerbitzua ematea hitzartuta zuen enpresari egindako elkarrizketetan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko baliabideaz arduratzen diren langileekin (teknikari eta politikariekin) izandako bileretan. Gainera, kontuan hartu dira baliabide horren bilakaerari eta erreformari buruzko txostenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak Arartekoari igorritakoak, erakunde horrek eskatuta.

Informazio-iturri horietatik guztietatik abiatuta, Arartekoak baieztatu ahal izan du Bidean zentroaren funtzionamenduan disfuntzioak zeudela, hainbat arrazoirengatik, batez ere: baliabidearen funtzionamendua autokudeaketa-eredu batean oinarritzen zen iraganeko inertziengatik, eta kudeaketa teknikoko eredu baterako trantsizioak langile-taldearentzat zein erabiltzaile batzuentzat izan zitzakeen zailtasunengatik. Halaber, egonaldi ertaineko egoitza-baliabidean esku hartzeko ereduaren beraren kontraesanei ere erantzun behar zaie; izan ere, eredu horren intentsitatea gehiegizkoa izan zitekeen autonomia handiagoa bilatzen zuten emakumeentzat, eta eskasa, berriz, banakako egoeragatik arreta handiagoa eta espezializatuagoa behar zuten emakumeentzat.

Arartekoak ondorioztatu ahal izan du, halaber, foru-erakundeak kexak argitaratu aurretik disfuntzio horietako batzuk hauteman bazituen ere, ez zela gai izan -nahiz eta argi eta garbi hala nahi izan- behar bezain azkar jarduteko disfuntzio horiei aurre egiteko eta bizikidetza-gatazkek salaketak jartzea eta argitaratzea eragin zezaten saihesteko. Hala ere, zailtasun tekniko objektiboak izan ziren foru-erakundeak prestatutako erreforma sakona gauzatzeko orduan; izan ere, helburu handi hori lortzeko denbora-tarte jakin batzuk bete behar ziren, nahiz eta horien ondorioz atzeratu egin den eskuratu nahi zen erantzuna.
Nolanahi ere, ondoriozta daiteke, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako erreformen ondoren, salaketak jarri zituzten erabiltzaileek adierazitako eskaera guztiei erantzun eta asebete egin direla.

Neurri handi batean ondoriozta daiteke kexetako batzuek, batez ere baliabide materialei eta zentroko bizikidetza-egoerari lotutakoek, handietsi egin zutela benetako egoera, eta horrek oso eragin negatiboa izan duela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat hain garrantzitsua den Bidean baliabide publikoaren izen onari begira.

Aitortu beharra dago aldundi horrek lan goresgarria egin duela baliabidea erreformatzeko eta Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera egiteko esku hartzeko eredua sakon berrikusteko. Arartekoa pozik agertu da egindako erreformekin, eta espero du Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera egiteko sistemaren krisiak hobetzeko aukerak sortzen jarraitzea.
Horretarako, oso komenigarria iruditzen zaigu, bereziki gaur egun indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeengan konfiantza sortze aldera, foru-erakundeak ahalegina egitea gizarte osoari jakinarazteko, eta batik bat gai honek gehien ukitzen dituen sektoreei jakinarazteko, zer-nolako erreformak egin diren, eta, finean, zer eredu ezarri nahi den Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera egiteko.

Ondorioak:

- Arartekoak hauteman du Bidean zentroaren funtzionamenduko zenbait alderdi hobetu beharra dagoela, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an abiarazitako ekintzen ondoriozko berrikuntzen aurretikoak, bai arreta-ereduari dagokionez, bai baliabide hori zegoen espazioari dagokionez.

- Aitortu du, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egungo taldeak abiarazitako ekintzek baliabide hori eta Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko harrera-baliabideek aurrerantzean hartuko duten esku-hartze eredua sakon berritzeko balio positiboa dutela.

- Komeni da Gipuzkoako Foru Aldundiak honako hauen berri emateko ahalegina egitea: alde batetik, baliabide hori hobetzeko hartutako neurriak, eta bestetik, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera egiteko abiarazitako esku-hartze ereduak izandako eraldaketa sakona.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 23a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020IR-930-18 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 23koa. Horren bidez, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera-zentro batek behar bezala funtzionatzen ez duela salatu zuen kexa baten harira egindako jarduna amaitu da. Arartekoaren 2020IR-930-18 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 23koa. Horren bidez, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera-zentro batek behar bezala funtzionatzen ez duela salatu zuen kexa baten harira egindako jarduna amaitu da.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad