ARARTEKOAK AMAITU EGIN DU IRAGANBIDEAN ZEUDEN HAINBAT MIGRATZAILE 2018KO UDAN GURERA ETORRI IZANARI LOTUTA EGINDAKO JARDUNA



Vitoria-Gasteiz

2018ko udan, zenbait herritar-plataformaren eta gizarte-erakunderen kexak jaso zituen Arartekoak. Erakunde horiek adierazi zuten kezkatuta zeudela Andaluziako kostaldetik zetozen immigranteen premia- eta zaurgarritasun-egoeragatik, beste batzuetan baino askoz lagun gehiago iristen ari ziren-eta. "Iraganbidean dauden migratzaileak" deritzo fenomeno horri. Horri erantzunez, Arartekoak hainbat jarduera egin ditu, fenomeno horren berri izateko eta euskal herri-administrazioek egin dituzten jarduketak aztertzeko.

Egun garrantzitsua izan zen ekainaren 18a. Izan ere, egun horretan, Saharaz hegoaldeko 46 migratzaile iritsi ziren Donostiako autobus-geltokira. Itxuraz, haien hasierako helmuga ez zen EAE; aitzitik, Europa iparralderantz jarraitu behar zuten bidaia. Hala ere, arazo ezezagunen batengatik, ez zuten beren ibilbidea jarraitu, eta ustekabean geratu ziren autobus-geltoki horretan. Estatuko gobernuak ez zien EAEko agintariei jakinarazi pertsona horiek gurera iristekoak zirenik. Halaber, horren ondoko beste joan-etorri batzuen berri ere ez zuen eman; ez zuen jakinarazi zer inguruabarretan iritsiko ziren migratzaileak Euskal Autonomia Erkidegora, ez eta zenbat lagun etorriko ziren ere.

Ordura arte jakina zen bazirela Europa iparralderantz iraganbidean zeuden migratzaileak, zeinak Estatuaren hegoaldeko mugatik sartzen baitziren. Hala ere, ordura arte lagun gutxi ziren iritsiak.

Egun horretatik aurrera, migratzaileen autobus gehiago iritsi ziren EAEra, ez bakarrik Donostiara, baita Bilbora eta Irunera ere. Migratzaileak Estatuaren hegoaldeko mugatik autobusez iritsi ziren hurrengo aldietan, Euskadiko Gurutze Gorriak eman zion horren berri Eusko Jaurlaritzari. Arartekoak badaki euskal herri-administrazioek, hasieratik, arreta emateko zenbait jarduera-ildo abiarazi zituztela, eta lehenengoz koordinatu zirela Euskadiko Gurutze Gorriarekin. 2019an zehar, behera egin zuen gurera iritsitako iraganbideko migratzaileen kopuruak.

Arartekoak hainbat bilera egin zituen Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo udaletako gizarte-zerbitzuekin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin, jakin nahi baitzuen zer-nolako erantzunak eman zituzten herri-administrazioek. Era berean, bilerak egin ditu zenbait gizarte-erakunderekin, eta hainbat herritar-plataformak eta gizarte-erakundek boluntarioen bidez kudeatutako Bilboko Bizinahi baliabidea bisitatu du (itxi aurretik).

Aurreko jarduerak txosten labur batean jaso dira. Han, zenbait gogoeta jaso dira koordinatzeko, lankidetzan aritzeko eta eskumenak argitzeko beharrari buruz, EAEko herri-administrazioek iraganbideko migratzaileen harrerari lotuta egindako jardueren inguruan eta herritar-plataformek salatutako gabeziei buruz, eta, gainera, harrera-politika publikoak abiarazi beharra planteatu da.


Arartekoak zenbait ondorio atera ditu, hausnarketa sustatze aldera. Horien artean, nabarmentzekoak dira euskal gizartearen elkartasuna, une hartan Espainiako Gobernuak koordinaziorik ez izatea, eskumen-esparrua argitu beharra eta hizpide dugun gaia euskal agendan eta ekintza politikoan sartu beharra konstituzio-esparrua errespetatuz.

Arartekoaren iritziz, ez da fenomeno iragankorra, egiturazkoa baizik, eta, beraz, zeharkako erantzun estrategikoak txertatu behar dira, gertakari horri -ezin aurreikusizko:gizarte-dimentsioa du baina giza eskubideak errespetatzen dituen gizarte-eredu baten mende dago- aurre egiteko.

Horregatik, erakunde honen ustez, interesgarria litzateke, besteak beste, argitzea zer eskumen, eginkizun eta zerbitzu dagozkien euskal herri-administrazioei immigranteei harrera egiteari dagokionez. Migrazioaren gizarte-egitateari, fase guztietan (harrera, integrazioa eta gizarteratzea), arreta arduratsua ematea, aniztasuna kudeatzea eta diskriminazioaren aurka borrokatzea funtsezkoak dira migrazioak dakartzan gizarte-garapenari eta gizarte-mugikortasunari begira. Horrek berekin ekarri behar du gizarteratzearekin zerikusia duten zerbitzu jakin batzuk indartzea, hala nola immigrazioaren eta aniztasunaren kudeaketaren arloko jarduera-planak beteko diren konpromiso irmoa hartzea, edo horiek betetzen direla bermatzeko beste tresna arauemaile batzuk ezartzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 28a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020C-1388-18 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 7koa. Horren bitartez, amaitu egin da 2018ko udan iraganbidean zeuden migratzaileak gurera iritsi izanari lotuta Arartekoak egin zuen jarduketa. Arartekoaren 2020C-1388-18 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 7koa. Horren bitartez, amaitu egin da 2018ko udan iraganbidean zeuden migratzaileak gurera iritsi izanari lotuta Arartekoak egin zuen jarduketa.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad