ARARTEKOAK BUKATU DU BERE JARDUERA GAI HONETAN: GASTEIZKO EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA ARLOKO EPAITEGIA LEKUZ ALDATZEAK BIKTIMENTZAT SOR LITZAKEEN SEGURTASUN ARAZOAK


Manuel Lezertua arartekoa instalazio berrien inaugurazioan izango da gaur, Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuarekin eta Juan Luis Ibarra Auzitegi Nagusiko presidentearekin batera.

 

Vitoria-Gasteiz

2018ko martxoan, Arartekoak jakin zuen justizia-administrazioko langileen ordezkariek jendaurrean adierazpen batzuk egin zituztela, Gasteizko Justizia Jauregian Emakumeen aurkako Indarkeria arloko Epaitegiaren (EIE) bulegoak berriztatzeari buruz. Salatu zutenez, lekualdaketak (beste kokapen batean, baina Gasteizko etorbideko eraikinetik atera gabe) tentsio-egoera gehiago sortzen lagundu zezakeen, izan ere, adibidez, sartzeko ate berbera erabiltzera behartzen zituen erasotzaileak eta biktimak. Hala balitz, berriztatze-lanen ondorioz, okerrera egin lezake emakume horien segurtasunak, babesa eta inguru segurua behar baitute erasoak jasan ostean.

Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi zuen, Lan eta Justizia Sailaren ikuspuntua ez ezik, langileena eta eragile juridikoena ere eskatzeko, era koordinatuan diagnostikatu eta aztertu ahal izan zedin zer hobekuntza-tarte egon zitekeen Euskadin Emakumeen aurkako Indarkeria arloko Epaitegi eredu jakin baterantz aurrera egiteko. Eredu horrek biktimei beren eskubideak benetan gauzatuko dituztela bermatuko lieke eta bigarren mailako biktimizazioa eragotziko luke.

Emandako informazioaren arabera, epaile dekanoak EIErentzat bulego berriak eskatu eta gero, ordukoek ez baitzituzten betetzen beharrezko segurtasun-baldintzak, 2017ko urtarrilean, sail horrek lehen proposamena egin zuen, epaile dekanoari aurkeztu zioten eta Auzitegiko presidentearekin eta EIEko epailearekin adostu zuten. Hala, 10 hilabeteko prozesuaren ostean, Langileen Batzordearen hasierako ezetza ere desblokeatu zen.

Lanak bukatuta eta inaugurazioaren zain zeudenean, ofiziozko jarduera hau eragin zuten jendaurreko adierazpenak egin ziren.

2019ko ekainean, Arartekoa bulegoak ikustera joan zen. Gaian esku hartu zuten guztiei eta Biktimak Artatzeko Zerbitzuari entzun ondoren (horixe baita zerbitzu espezializatua arlo horretan) eta kokagune berriak ikusi ondoren, ondorio hau atera zuen: lan haiek burutzeko, ahalegin handia egin zela eta abiapuntu ona zirela, baina ez zutela behar bezala bermatzen genero-indarkeriaren biktimen segurtasuna eta haiei ematen zitzaien arreta. Horregatik, sail horri proposatu zion berriz pentsa zezala kokagune horien gainean, Arartekoak eman zizkion esku-hartzaileen argudioak aintzat hartuta.

Orduan, sail horrek lan-proiektu berri bat proposatu eta berehala gauzatu zuen. Haren bidez, adostasun-prozesuan barrena esku hartu zuten guztiek egindako eskaerak betetzen saiatu zen.

Bukatzeko, Arartekoak, lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak emandako laguntza azpimarratu nahi du. Izan ere, etengabe bilatzen aritu da nola hobetu genero-indarkeriaren biktimei ematen zaien arreta Euskadiko justizia administrazioan, etorkizunean adostasuna bilatzeko eredu gisa. Gainera, prozesu horretan parte hartu duten guztien proposamenak eta gomendioak bateratzen ahalegindu da, elkarrizketa irekia eta emankorra egiteko jarrerarekin.

Era berean, azpimarragarria da sail horrek ahalegin handia egin behar izan duela proiektu berri bat egiteko, 2018ko otsailean amaitutako lanak aldatzeko, ez baitira bukatutzat jo harik eta bi erakundeok erabaki dugun arte lan horiek bermatzen dutela biktimaren eta erasotzailearen arteko harremana saihesteko eskubidea, eta gune seguruak, egokiak eta ondo egokituak direla biktimentzat eta langileentzat.

Azkenik, kasu honetan adostasuna bilatzeko erabili den eredua (Gasteizko epaitegietako lanen proiektu berriak segurtasun-parametroak izatea eta eskubideak bermatzea) oso urrats garrantzitsua da Euskadin arestian aipatu dugun Emakumeen aurkako Indarkeria arloko Epaitegi eredua ezartzeko, hau da, biktimen, biktimagileen, justizia epaitegiko langileen eta eragile juridikoen eskubideak bermatuko dituen eredua.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 31

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2019IR-434-18 Ebazpena, 2019ko abuztuaren 21ekoa. Horren bidez, amaitutzat jo da Gasteizko emakumeen gaineko indarkeriaren auzitegi berrian lekualdatzean biktimen segurtasun-arazoak salatzeko kexan jarduera. Arartekoaren 2019IR-434-18 Ebazpena, 2019ko abuztuaren 21ekoa. Horren bidez, amaitutzat jo da Gasteizko emakumeen gaineko indarkeriaren auzitegi berrian lekualdatzean biktimen segurtasun-arazoak salatzeko kexan jarduera.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad