ARABA ESPETXEAN, EMAKUME PRESOEK HERRITAR LIBREEK BEZALAXE ESKURATU AHAL IZANGO DITUZTE FORU-BALIABIDEAK



Vitoria-Gasteiz

Presoei laguntzeko elkarteak (ADAP) Arartekoari esku hartzeko eskatu zion, presoak etxebizitzetan hartzeko orduan Arabako Foru Aldundiak (AFA) onartu zituen aldaketa batzuk zirela eta.

ADAPek zioenez, 1996ko abendutik, Araba espetxeko emakume presoei laguntzeko etxebizitza kudeatzen du, Arabako Aldundiarekin sinaturiko hitzarmenaren bidez, izan ere, Aldundia oso sentikor agertu zen emakume horien arazoekiko, eta oso ondo jabetu zen haien bazterketa egoeraz eta desberdintasunaz, gizonezko presoekin alderatuta.

Baliabide horri esker, espetxetik atera daitezke bestelako harrera-baliabiderik ez duten emakumeak, bai beren espetxe-baimenak hartzeko, bai prestakuntzako edo laneko jardueretara joateko. Espetxe-zigorra duten emakumeak gizarteratzea errazten du, banakako arreta-plan osoen bitartez. Plan horiek arlo desberdinak hartzen dituzte bere baitan: pertsonala, soziala, prestakuntzakoa edo lanekoa, erkidegokoa, legezkoa, osasun arloa...

2019ko hasieran, Aldundiak ADAPi jakinarazi zion beste jarraibide bat onartu zuela: presoen etxebizitzetan eta beste foru-baliabide batzuetan egoitza-harrera jaso ahal izateko, egiaztatu egin beharko zela lurralde historiko horretan erroldatuta edo sustraituta egon izana espetxeratu aurreko aldian, eta ez zela zenbatuko espetxean egindako errolda-denbora. Horren ondorioz, probintzia horretan sustraiturik ez zeudenek ezingo zituzten baliatu espetxeetako zenbait eskubide (adibidez, graduen progresioa askatasun-erregimenean edo baldintzapeko askatasuna), ez baitzeukaten familiaren eta gizartearen laguntzarik, eta, une horretatik aurrera, ezta erakundeenik ere.

Gainera, adierazi zieten handik aurrera etxebizitza hura ez zela izango emakume presoentzat bakarrik, etorkizunean baztertutako beste emakume batzuei arreta emateko ere erabiliko zelako; horrek arriskuan jartzen zuen baliabidea bera.

ADAPen esanean, Aldundiak adierazi zien Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuen Zorroa ezartzearen ondorioz egin zuela aldaketa, zorro horrek ez baitu aintzat hartzen presoen taldeari berariazko arreta ematea.

Arartekoak laguntza eskatu zion AFAko Gizarte Politiketako foru diputatuari. Gogorarazi zion presoengan normalean gizarte-bazterketako zenbait arrazoi batzen direla, eta horiei "espetxeratzea" bera gehitu behar zaiela: hau da, espetxean luzaroan egon izanak askatasunean bizitzeko eragiten duen andeatze-prozesua. Egintza horrek zaildu egiten du pertsona horiek gizarteratzea, are gehiago emakume presoak badira. Horregatik, oso ohikoa da espetxean aldi luzeak egin dituztenek senideekin eta gizartearekin harremana haustea.

Orobat, adierazi zitzaion beste lurralde historiko batzuetan Gizarte Zerbitzuen Zorroa zentzurik mesedegarrienean interpretatzen ari dela, presoek gizarteratzeko baliabideak eskuratu ahal izan ditzaten.

Arartekoak jakin duenez, orain dela gutxi, Arabako Foru Aldundiak aldatu egin du espetxean sartu aurreko aldian erroldatuta egoteko baldintzari buruzko irizpidea, eta berriro onartu du Araba espetxeko errolda; horrez gain, etxebizitza horrek emakume presoentzako bakarrik izaten jarraituko du.

Arartekoak oso ontzat jo du AFAren irizpide-aldaketa hori, izan ere, horri esker, emakume presoek herritar libreek bezalaxe eskuratu ahal izango dituzte Aldundiaren gizarteratze-baliabideak, eta generoagatik pairatzen duten bazterketa bikoitzaren katea moztu ahal izango dute.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad