PERTSONEK BEREN ETXEETAN ATSEDEN HARTZEKO ESKUBIDEA DUTE, COVID-19AREN KRISIAK ERAGINDAKO ITXIALDIAN



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak hainbat kexa bideratu ditu pertsonak batzuk beren etxeetan pairatzen ari diren zarata-eragozpenengatik, COVID-19ak eragindako alarma egoeran bizi dugun itxialdian.

Kexak egiteko arrazoi nagusia hauxe da: beste bizilagun batzuk berriztatze-lanak egiten ari dira beren etxeetan, beren kabuz edo profesionalen eskutik. Gainera, Arartekoak jakin duenez, aldizka gatazkak piztu dira bizilagun batzuek musika-ekipoak edo beste tresna batzuk erabiltzen dituztelako eta eragozpenak sortzen dizkietelako atseden hartu edo etxe barruan beren bizitza bateragarri egin nahi duten beste bizilagun batzuei.

Alarma egoera adieraztearen ondorioz, joan-etorriak mugatzea erabaki daiteke, edo pertsonak eta ibilgailuak ordu eta leku jakin batzuetan egotea, edo horiei zenbait baldintza betearaztea. Hala ere, muga horiek ez diote eragin behar oinarrizko beste eskubide batzuk baliatzeari, esate baterako, bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea, Espainiako Konstituzioan jasotakoa. Eskubide horrek bizilekuaren bortxaezintasunean egindako intromisiotzat jotzen ditu hots-kutsadurazko inmisioak, baldin eta etxe barrura iristen badira eta eragozpenak sortzen badituzte, pertsonen bizi-kalitatean eragin dezaketenak eta haien nortasuna aske garatzea galarazi edo zaildu dezaketenak.

Zertzelada hori bereziki garrantzitsua da une honetan. Itxialdia dela eta, pertsonek beren etxeetan egon behar dute ia egun osoan, askotan eskolako, laneko jarduerak egin behar dituzte edo, areago, isolatuta egon behar dute, osasun arrazoiengatik. Horregatik, gogorarazi behar da herritarrak eraginkortasunez babestuko dituztela bermatu behar dela, indarreko legeriak onartzen dituen gehienezko mugak gainditzen dituzten zarata-iturrien kontra (Zaratari buruzko 37/2003 Legea, azaroaren 17koa).

Lege horrek hots-kutsadura bere aplikaziotik kanpo uzten du, etxeko jarduerek edo bizilagun-harremanek sortutakoa baldin bada. Alabaina, kanpoan uzte hori arrazoizkotasun irizpidea erabiliz ezartzen da, betiere etxeko emisio-foku horiek herriko erabilerekin bat datozen muga onargarriak gainditzen ez badituzte.

Beraz, bizilagun batek sor dezakeen gehiegizko zarata bideratzeko bide nagusia bizikidetza normal eta baketsurako arau oinarrizkoak ezartzea da (Jabetza Horizontalari buruzko Legean araututakoak).

Bizilagunen arteko bizikidetza-printzipio horiek nahikoak ez direnean sortzen da arazoa.

Halakoetan, udal administrazioek esku hartzeko nolabaiteko eremua dute. Udalek, Udaltzaingoaren bitartez, zarata-araudia zenbateraino betetzen den ikuska dezakete, eta zarata-emisioek herritarren bizikidetza bermatzeko eska litezkeen parametroak gainditzen ote dituzten ebaluatu. Parametro horiek gainditzea arau-hauste administratiboa izan daiteke, udal ordenantzetan berariaz adierazita baldin badago.

Gainera, edonork udalari hirigintza arloko informazioa eska diezaioke, zarata sortzen den etxebizitzarako eman diren lan-baimenen gainean. Halakoetan, udalak begiratu beharko du ea lan horrek hirigintza-baimenik baduen eta ea baimendu bezala gauzatzen ari den.

Era berean, adierazi behar da apirilaren 12ko SND/340/2020 Aginduak bertan behera utzi dituela eraikin batzuetako lanak, jarduera horrekin zerikusirik ez duten pertsonei COVID-19a kutsatzeko arriskua dagoen kasuetan.

Laburbilduz, Arartekoak gogorarazten du bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak berekin dakarrela pertsonek beren etxeetan hots-kutsadurazko inmisiorik ez jasateko bermea, baldin eta inmisio horiek eragozpen larriak sor baditzakete eta beraien bizi-kalitatean eta atseden hartzeko eskubidean eragin badezakete. Eskubide hori bereziki garrantzitsua da alarma egoerako eta biztanleen itxialdiko une berezi honetan.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 15a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad