ARARTEKOAK GASTEIZKO UDALARI ESKATU DIO UR HORNIDURA BERMA DIEZAIELA OLARIZU ETORBIDEAN BIZI DIRENEI



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak elkarte batek idatzitako kexa jaso zuen. Bertan azaldu zutenez, koronabirusaren hedapena dela-eta, Olarizu etorbideko etxeetan higiene arazo larria dute, ur eta argindar hornidurarik ez dutelako.

Kexagileek adierazi zuten etsita zeudela, ezin baitzituzten bete gomendatutako garbitasun neurriak, ur hornidurarik ez zeukatelako.

Horregatik, Arartekoari esku hartzeko galdegin zioten, premiazko konponbide bat aurkitzeko eta udalak berehala ura eta argindar zerbitzuak berrezartzeko, alarma egoerak irauten duen bitartean.

Gasteizko Udalari laguntza eskatu genion, salbuespen egoera honetan eta arrazoi humanitarioak direla-eta, egoera juridikotik haratago, beharrezko neurriak azter eta ezar zitzan, eta kexa horren gaineko iritzia eman ziezagun.

Udalak jakinarazi zuenez, Olarizu etorbideko etxeak 21 Zabalgunea sozietate publikoarenak dira eta "actualmente se encuentran ocupadas por un número indeterminado de personas y que las mismas no reúnen las condiciones mínimas de habitabilidad desde hace al menos, 10 años". Haren esanean, egoera horretan, hornidurak berrezartzeak (orain dela ia urtebete kendu ziren) areagotu egingo luke arazoa eta ez litzateke bideragarria izango Arartekoak egindako proposamena. azken batean, udalak eraikin horren segurtasunagatik ez ditu berrezarri nahi zerbitzu horiek.

Arartekoaren ustez, oraingo egoeran ez da koherentea eraikin horretan segurtasun arrazoiak alegatzea ur hornidura ukatzeko, izan ere, une honetan hornidura hori funtsezkoa da koronabirusaren hedapenari aurre egiteko.

Horregatik, Gasteizko Udalari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala eraikin horretan bizi direnei ur hornidura bermatzeko, edo, bestela, kaltetuen baimenarekin, ordezko bizileku bat eskain diezaiela gizarte-baliabideetan.

Era berean, Udalari iradoki dio familia horiek eraikinetik ateratzeko plangintza egin dezala, eskumenak dituzten beste administrazio batzuekin koordinatuz, betiere, etxebizitza beharrak aztertu ondoren eta horretarako dauden baliabide publikoak kontuan hartuz.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 18a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020S-575-20 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bidez,
Gasteizko Udalari gomendatzen zaio zenbait neurri ezartzeko Olarizu etorbideko
21 Zabalgunea sozietatearen jabetzakoa den eraikineko egoera konpontzeko. Arartekoaren 2020S-575-20 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bidez, Gasteizko Udalari gomendatzen zaio zenbait neurri ezartzeko Olarizu etorbideko 21 Zabalgunea sozietatearen jabetzakoa den eraikineko egoera konpontzeko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad