ARARTEKOAK ESKU HARTU ONDOREN, BILBOKO UDALAK EZEZTATU EGIN DU TRAFIKOKO ISUN BAT, EGIAZTATU BAITU SALATUTAKO EGINTZA EZ ZETORRELA BAT ZIGORTUTAKO EGINTZAREKIN



Bilbo

Pertsona batek esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, Bilboko udaltzain batek bere ibilgailua salatu baitzuen, "espaloi gainean aparkatzeagatik". Kexagileak zioenez, ez zuen halakorik egin.

Haren esanean, ibilgailua salatu zutenean ez zegoen espaloi gainean aparkatuta, baizik eta eremu pribatu batean, bere emazteak zuzentzen duen okindegi baten aurrean.

Gainera, herritarrak adierazi zuenez, salaketa egin zenean bera ibilgailu barruan zegoen, gidariaren eserlekuan jarrita, eta ez zen egia bera orduan ez zegoela ibilgailuan, udaltzain salatzaileak idatziz jaso zuen moduan, salaketa unean bertan ez jakinarazi izana justifikatzeko. Era berean, herritarrak zioenez, udaltzainak une hartan mugitzen ari zen polizia-ibilgailuaren barrutik jarri zuen salaketa.

Zigortzeko prozeduran, herritarrak azaldu zuen ez zegoela ados isunarekin, baina udalak ezetsi egin zituen haren alegazioak, oinarritzat hartu baitzuen espaloi gainetik pasatu ahal izateko, ezinbestekoa dela hori baimentzen duen ibi-lizentzia izatea.

Kexagileak adierazi zigun ez zetorrela bat arrazoibide horrekin, izan ere, bere ustez, ez dira gauza bera espaloitik zirkulatzea eta espaloi gainean aparkatzea. Eta azken ekintza horixe salatu zuen udaltzainak, eta horrexegatik hasi zen zigortzeko prozedura eta jarri zioten isuna bera.

Trafiko-arauak hausteagatiko kexa horri erantzuteko asmoz, Arartekoak laguntza eskatu zion Bilboko Udalari.

Espedientea aztertu ostean, udalak jakinarazi digu indarrik gabe utzi duela isuna, egiaztatu baitu salatutako egintza (espaloitik zirkulatzea) ez datorrela bat zigortutako egintzarekin, ezta ere arau-haustetzat identifikatu zenarekin (espaloian aparkatzea).

Beraz, Arartekoak bukatu du gai honetan izan duen esku-hartzea, kexa eragin zuen arazoa konpondu dela iritzita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 19a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad