ARARTEKOAK LANBIDERI GOMENDATU DIO EZ DITZALA DSBE/EPO PRESTAZIOAK KENDU HAUTAPEN-PROZESUETAN PARTE HARTZEARI EDO LAN-ESKAINTZA BATI UKO EGITEAGATIK, HORIEK TELEFONOZ JAKINARAZTEN DIRENEAN ETA BEHAR BEZALAKO BERMERIK GABE



Vitoria-Gasteiz

Hainbat kexa jaso ondoren, Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi zuen 2018an, Lanbidek kasu jakin batzuetan prestazioak kentzeko erabiltzen zuen prozeduragatik. Izan ere, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren (EPO) titularrei prestazio horiek kentzen zizkien, baldin eta haiek langileen hautapen-pozesuetan parte hartzeko betebeharrari edo eskaintzen zitzaien lanpostu bati uko egiten bazioten, proposamen eta jakinarazpen horiek telefonoz egiten zirenean.

Kasu horiek aztertzean, Arartekoak zenbait gabezia antzeman zituen prozeduran, batez ere funtsezko akatsak jakinarazpenetan. Bestalde, ez zen erregistratuta geratzen telefonozko elkarrizketaren edukia eta, beraz, ez zen egiaztatuta geratzen ez Lanbidek jakinarazten zien informazioa, ezta ere eskaintza jasotzen zuen pertsonaren asmoa edo hark betebehar hura betetzeari uko egin izana. Administrazio-espedientean ere ez zen halakorik agertzen. Gainera, egiaztatu zen eskaintzak jasotzen zituzten pertsonetako batzuek ez zeukatela hizkuntza-gaitasun egokirik ematen zitzaien informazioa ulertzeko. Azkenik, telefono-deia enpresa laguntzaile batek eskatuta egiten zen, telefono mugikor batera; horregatik, kasuan kasuko pertsona deia jasotzean non zegoen kontuan hartuta, komunikazioa desegokia eta distortsionatua izan zitekeen.

Arartekoaren iritziz, jokaera horrek babesgabetasuna sortzen du, bada Lanbidek DSBE prestazioa kentzea eta urtebetean hori berriz eskatzeko aukerarik ez izatea erabakitzen du, nahiz eta gizartean bazterturik dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko diru-laguntzak diren, batez ere bizikidetza-unitatean adin txikikoak beren ardurapean baldin badauzkate.

Ildo berean, Arartekoak lehen ere sarritan azaldu zituen bere kezka eta gogoetak gai honen gainean: oso garrantzitsua da DSBE/EPO prestazioen titularrek (gizartean baztertutakoak) informazio egokia jasotzea zer egin behar duten jakiteko, bai oinarrizko beharrak asetzeko erabiltzen diren prestazio horiek onar diezazkieten, bai, nagusiki, horiek jasotzeko eskubidea izaten jarrai dezaten, eta beraien egintzek zer ondorio izan ditzaketen. Horixe adierazi zuen Arartekoak honako txosten honetan ere: Diagnostiko-txostena, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak hobeto kudeatzeko proposamenak jasotzen dituena, 2017.

Laburbilduz, nahiz eta DSBE prestazioa arautzen duen araudian ezarri prestazio-hartzaileek enplegu egoki bati edo lan-baldintzak hobetzeari uko egiteak prestazioa kentzea ekar dezakeela, Arartekoaren ustez, legezko xedapen hori aplikatzeko modua ez da behar bezain bermatzailea izaten ari.

Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu dio Lanbidek modu bermatzailean jakinaraz dezala hautapen-prozesuetan parte hartzeko betebeharra, edo, bestela, jakinaraz ditzala lan-eskaintzaren edukia eta eskainitako lan-baldintzak, eta betebehar hori ez betetzeak (justifikaziorik ez baldin badago) zer ondorio ekar ditzakeen DSBEa jasotzeko eskubidean. Informazioa eta hizkuntza-erabilerraztasuna hobetzeko ere eskatu dio.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 20a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-1941-2018 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatzen zaio Lanbidek ezarri ditzala administrazio prozedurari buruzko araubidean aurreikusita dauden jakinarazpen bermeak hautaketa prozesuetan parte ez hartzearren edo enplegu bati uko egitearren diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea amaitu aurretik, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrei ematen zaien informazioarekin lotutako bestelako hobekuntzak egin ditzala
. Arartekoaren 2020R-1941-2018 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari gomendatzen zaio Lanbidek ezarri ditzala administrazio prozedurari buruzko araubidean aurreikusita dauden jakinarazpen bermeak hautaketa prozesuetan parte ez hartzearren edo enplegu bati uko egitearren diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea amaitu aurretik, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrei ematen zaien informazioarekin lotutako bestelako hobekuntzak egin ditzala .
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad