Arartekoaren adierazpen instituzionala, 2011ko Hondarribiko Alardeari buruzkoa


Ararteko erakundeak, pertsonen eskubideak defendatzeko Eusko Legebiltzarraren goi ordezkariak, aurten ere emakumeen berdintasunaren alde haren iritzia azaltzeko beharra dauka Hondarribiko alardearen ospakizuna dela eta, emakumeen eta gizonen berdintasunerako euskal legean (emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaineko otsailaren 18ko 4/2005 Legea) ezarritakoari jarraiki. Defentsa bulego honen hainbat ebazpenetan dagoeneko azaldu dugun arren, adierazpen instituzional honen bitartez gai honi dagokionez Ararteko erakundeak duen iritzia errepikatuko dugu, botere publikoei euren betebeharrak gogorarazte aldera. Horrez gain, Ararteko erakundeak azken gertakariek eragin dioten kezka adierazi nahi du. Izan ere, horien ondorioz, emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarrituz osatutako Jaizkibel Konpainia ezin izan da Hondarribiko jaietan modu normalean integratu.

Aipatutako emakumeen eta gizonen berdintasunerako euskal legearen 25. artikuluak xedatzen du botere publikoek sexuagatiko bereizkeria saihesteko eta emakumeek kultura arloko jarduera guztietan parte har dezaten sustatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituztela. Egiazki, alardeen arazoaren azpian dagoen egoera bat da, berdintasunerako eskubidearekiko errespetua, eta arlo horretan eskumenak dituzten herri-administrazioek ez dute saihestu behar.

Horregatik, kontuan hartu behar da Jaizkibel Konpainia dela Hondarribiko alardean emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzen duen talde bakarra eta ekitaldi hori ospatu baino lehen egiten diren entseguetan Hondarribiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak legez bultzatu behar dutela, inolako baldintzarik gabe, Hondarribiko jaietan emakumeen berdintasuna ausardiaz eta gogoz bultzatzen duen pertsona talde hori. Babes instituzional hori berdintasunerako euskal legearen berariazko agindua da. Aipatu legea Eusko Legebiltzarreko talde gehienek onartu zuten 2005. urtean, arlo horretako lege aitzindari gisa.

Legeak ezartzen dituen neurriak hartzeak esan nahi du, gutxienez, tartean dauden zuzeneko bi administrazioek -Hondarribiko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila- ekintza positiboak sustatu behar dituztela. Alegia, Jaizkibel Konpainiaren babes eta segurtasun maximoa bermatuz, ibilbidean posizio nagusia eta eskatutako ordutegietan izan dezaten bermatu behar da, kontuan hartuta, Hondarribiko jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzen duen talde bakarra dela.

Legearen helburu hori ez da betetzen ari. Aitzitik, herritarren segurtasuneko sailburuordearen 2011ko abuztuaren 25eko ebazpenak -horren bidez Jaizkibel Konpainiak eskatutako ibilbidea eta ordutegia aldatu da (konpainiak zera nahi zuen: entseguak irailaren 3an, 4an eta 5ean eta alardea hil bereko 8an)- hori betetzeko aukerak urrundu egin ditu eta Jaizkibel Konpainiari aurreko urteetan egindako ibilbideak egitea eragotzi dio. Horrek talde horren gizarte maila eta ikuspena argi eta garbi ahultzen ditu eta 4/2005 Legearen aplikazioak Jaizkibel Konpainia osatzen duten pertsonen askatasuna, osotasun fisikoa eta morala eta segurtasuna babestea barne hartu beharko luke, esparru publikoaren erabilerari dagokionez, konpainia horren nagusitasunaren printzipioa eta betiko ibilbideak inolako oztoporik gabe egiteko eskubidea guztiz bermatuz.

Dagoeneko aipatu dugun herritarren segurtasuneko sailburuordearen ebazpenak ezarritako eteteko kautela-neurriak ukatzen dituen duela gutxiko pronuntziamendu judiziala oraindik ez da gaiaren mamiaren gaineko pronuntziamendu bat eta, gure ustez, ez du arlo horren azpian dagoen funtsezko gaia jorratzen (prozesuan ez baita hala planteatu), hau da, emakumeen eta gizonen berdintasunerako oinarrizko eskubidea.

Hori guztia dela eta, Ararteko erakundeak botere publikoei dei egin nahi die, bereziki Hondarribiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, modu proaktiboan emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legea guztiz eta modu kontsekuentean bete dezaten. Halaber, Jaizkibel Konpainiari baldintzarik gabeko berariazko laguntza eskaini beharko liokete eta esparru publikoaren erabilerari dagokionez nagusitasunaren printzipioa eta aipatutako konpainiarentzat ohiko ibilbideak egiteko aukera bermatu. Hala egin ezean, aurten lege baten ez betetzearen aurrean egongo gara, berdintasunaren legea hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko oinarrizko eskubidearen garapenean borondatez sortu dugun lege bat eta botere publikoek arlo horretan burutzen dituzten ekintzetan eragina izan beharko lukeena.

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren adierazpen instituzionala, 2011ko Hondarribiko Alardeari buruzkoa Arartekoaren adierazpen instituzionala, 2011ko Hondarribiko Alardeari buruzkoa
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad