ARARTEKOAK BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK ERAKUNDEARI ESKATU DIO NEURRIAK HAR DITZALA ETXEBIZITZA DUIN ETA EGOKIA IZATEKO ESKUBIDEA BERMATZEKO



Vitoria-Gasteiz

Udal etxebizitza baten maizterrak etxebizitza aldaketa eskatu zuen 2015ko irailean, izan ere, bere ustez, etxebizitzak ez zituen betetzen beharrezko bizigarritasun baldintzak. Etxebizitzak 49,98 m2 ditu eta bizikidetza unitatea 6 kidek osatzen dute.

Era berean, kexagileak adierazi zuen lehen ere eskatu zuela etxe aldaketa, baina Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak egin zion proposamena ez zela egokia, bada eskaini zioten etxebizitzak 10 m2 gehiago besterik ez zituen, eta errenta oraingo etxebizitzarena halako bi zen; horrek ezinezkoa egiten zuen etxez aldatzea.

Interesdunaren idazkiari erantzunez, Udal Etxebizitzak erakundeak eskaera onartzea erabaki zuen hurrengo hilabetean, bere iritziz, behar bezala egiaztatu baitziren etxe aldaketa justifikatzen zuten zertzeladak. Alabaina, urtebete igaro den arren, ez da etxe aldaketarik egin.

Arartekoak laguntza eskatu zion Bilboko Udalari. Galdegin zion txosten bat presta zezala eta bertan azter zezala ea epe laburrean etxea trukatzeko edo aldatzeko aukerarik bazegoen.

Arartekoak badaki etxebizitza babestuaren parkea mugatua dela eta, horren ondorioz, herritarren eskaeren kopurua herri-administrazioen eskaintza baino dezente handiagoa dela. Orobat, badaki eskaintzeko daukaten etxebizitza publikoen kopurua eskaera baino askoz ere txikiagoa dela, eta, hortaz, batzuetan ez daukatela modu egokian betetzerik normalean jasotzen dituzten etxebizitza eskaerak.

Hala eta guztiz ere, kasu honetan behar bezala egiaztatu da kexagilea etxe aldaketa eskatzen ari dela 2015eko irailetik, gutxienez. Gainera, egiaztatu da interesdunak eskaera egin eta handik hilabetera onartu zutela eskaera, baina oraindik ez dela etxebizitzaz aldatu.

Orduan, Etxebizitzaren Legean ezarritakoari jarraiki, gure aburuz, ez da behar bezala betetzen ari kexagileak eta bere bizikidetza-unitateak etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubide subjektiboa.

Horregatik, Arartekoak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala, ahalik eta eperik laburrenean kexagileari eta bere bizikidetza-unitateari etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubide subjektiboa bermatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad