ARARTEKOAK ESKU HARTU ONDOREN, LANBIDEK BALIOGABETU EGIN DU HERRITAR BATI PRESTAZIO BATZUK ERREKLAMATZEKO ERABAKIA


Arartekoaren ustez, herritarrak aurkeztutako agiriek egiaztatu zuten betetzen zuela benetako bizilekuaren baldintza. Gainera, prozedura iraungita zegoen, eta erreklamatutako kopuruak, preskribituta

Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekora jo zuen, Lanbidek erreklamatu egin baitzizkion 2012ko urtarriletik 2014ko abuztura bitartean jasotako prestazio batzuk. Baldintza bat bete ez zela antzeman zenean sortu zen zorra, eta 2014ko urrian prestazioa amaitzea erabaki zen, interesdunak EAEtik Bartzelonara joan zela ez jakinarazteagatik eta benetako bizilekuaren baldintza ez betetzeagatik. Lanbidek adierazi zuenez, 2012an interesdunaren ohiko bizilekua Bartzelonan zegoen, pasaportean adierazten denez.

Kexagileak alegatu zuen Lanbidera joan zela, pasaportea berritu behar zuela jakinaraztera. Bartzelonan berritu zuen. Bartzelonako Kontsulatuan eskatu zioten helbide bat adieraz zezala, jakinarazpenetarako. Pasaportearen kopia aurkeztu zuenez gero, Lanbideren bulegoan ulertu zuten Bartzelonara bidaiatu zuela jakinarazi gabe, eta ez zela Gasteizen bizi. Horregatik, entzuteko izapide bat bidali zioten hurrengo egunean, eta prestazioaren ordainketa eten zioten. Kexagilea pasaportea berritzera joan zen Bartzelonara egun batzuetarako, baina bere ohiko bizilekua Gasteiz zen. Pasaportean beste helbide bat agertzen zen Kontsulatuan hala eskatu ziotelako.

2016ko azaroan Lanbidek prestazioak erreklamatzeko prozedura hastea erabaki zuen, "benetako bizilekuaren baldintza ez betetzeagatik". Eta urte bereko maiatzean ebatzi zuen kexagileak 27.671,52 euro itzuli behar zituela, arrazoi berberagatik. Hala ere, Lanbidek araudian xedatutakoa baino denbora luzeagoan izapidetu du prestazioak erreklamatzeko prozedura, eta, hortaz, prozedura iraungita dago eta jarduerak artxiba daitezen agindu behar da, araudian ezartzen duenez.

Gainera, prestazioak erreklamatzeko prozeduran, kexagileak denboraldi hartan egiaz Gasteizen bizi zela egiaztatzen zuten zenbait agiri erantsi zituen: errolda ziurtagiria, Paulo Freire Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroan matrikulatu izanaren ziurtagiria, Arartekoaren bulegora joan izanaren ziurtagiria eta Lanbiden agiri jakin batzuk aurkeztu izanaren frogagiriak, besteak beste. Beraz, gure aburuz, agiri horiek benetako bizilekuaren baldintza egiaztatu zuten. Horrez gain, prozedura iraungita zegoen, eta erreklamatutako kopuruak, preskribatuta.

Halaxe jakinarazi genion Lanbideri, eta hark, Arartekoak gomendiorik egin behar izan gabe, erakunde honen argudioak onartu ditu eta baliogabetu egin du herritarrari 27.671,52 euro erreklamatzeko erabakia.

Vitoria-Gasteiz 2020ko urtarrilaren 13a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad