ARARTEKOAK GAITZETSI EGITEN DU ABANTON EMAKUME BATI ETA BERE ALABARI BIZIA KENDU DION ATENTATU MATXISTA



Abanto

Samin eta zirrara ikaragarriarekin, Arartekoak adierazi nahi du guztiz tinko eta sendo gaitzesten dituela emakume baten eta bere alabaren hilketak, gaur Abanton burutuak, ustez, haien senar eta aitak. Erailketa matxista horrek euskal gizartea astindu eta bihotzean jo du, izan ere, orain dela egun batzuk, martxoaren 8an hain zuzen, gizarteak ozen eta indartsu adierazi du emakumeen berdintasunarekin eta eskubideekin irmoki eta argiro konprometituta dagoela.

Hilketa bikoitz gaitzesgarri horrek indarrez kendu die geroa bizi-bizirik zeuden eta inolako errurik ez zuten emakume bati eta bere alaba nerabeari. Fenomeno zabalago eta sakonago baten alderik tragikoena erakusten du, alegia, emakumeen kontrako indarkeria, zoritxarrez oraindik bizirik baitago gure gizartean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna babesten duen matxismoan erroak botata. Arartekoak behin eta berriz nekatu gabe adieraziko du indarkeria matxistaren adierazpide guztiek, emakume eta neskatoen kontra emakume izate hutsagatik gauzatzen direnek, haien duintasunari eta osotasun fisiko eta moralari eraso egiten dietela eta, beraz, haien giza eskubideen urratze larri eta onartezinak direla.

Gaur Euskadin gertatu den tragediak aurrez aurre jartzen digu erakundeok eta euskal gizarte osoak dugun erantzukizun izugarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa izan dadin lortzeko ahaleginean amore eman ez dezagun.

Ararteko erakundeak espresuki babesten ditu hilketa lazgarri horrengatik gaurtik aurrera Euskadin egingo diren elkarretaratzeak, bat egiten du biktimen senideen eta hurbilekoen bihozminarekin, eta haiei bere maitasun eta elkartasunik biziena adierazten die.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 11

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad