ARARTEKOAK KRIMEN MATXISTA BERRI BAT GAITZETSI DU. SORALUZEN 74 URTEKO EMAKUME BAT HIL DU, USTEZ, BERE SEMEAK, ELORRIOKO UDALTZAIN BATEK



Soraluze

Arartekoak emakumeen aurkako indarkeria-kasu berri bat gaitzetsi du, eta atsekabe handia adierazi; izan ere, 74 urteko emakume bat hil du, ustez, bere semeak. Biak ala biak elkarrekin bizi ziren Soraluzen. Arartekoak publikoki salatu nahi du familia barruko emakumeen aurkako indarkeria-kasu hau joera matxista hutseko krimen gaitzesgarria dela; ustez, udaltzaina den semeak, ama zaintzeko eta babesteko betebeharra zuenak, hil du, ustez, emakumea.

Indarkeria matxista era askotara adierazten da, Istanbulgo 2011ko Europako Hitzarmenak aitortzen duen moduan. Arau hori erabat aplikatzen da gure sistema juridikoan 2014an berretsi ondoren, eta erakunde nahiz herri-administrazio eskudunek eten behar dute modu guztietan.

Horregatik, Arartekoak erakunde guztiei eta, oro har, euskal gizarteari eskatzen die emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorrarekiko konpromiso argiari eusteko, eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpen desagerrarazteko bidean jarraitzeko. Horretarako, ezinbestekoa da lanean tinko eta ziur jarraitzea, atsedenik gabe, ildo honetan: berdintasun-politikak, berdintasunezko kultura eta genero-berdintasunean oinarritutako hezkidetza-eredua sakontzen, funtsezko gizarte-balio gisa.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 17a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad