ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA HOMOFOBIA, TRANSFOBIA ETA BIFOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNEAN


2017ko maiatzaren 17a


Vitoria-Gasteiz

Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoak bat egiten du Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuen aitorpenarekin, eta berriro konpromiso irmoa erakusten du pertsona guztien berdintasunarekin eta duintasunarekin, haien sexu-joera edo genero-identitatea edozein izanda ere.

LGTBI pertsonen eskubideak aitortzeari dagokionez, pixkanaka ezin ukatuzko aurrerapenak egin dira gure kultur inguruko herrialdeen orain dela gutxiko historian. Hala ere, munduko 80 herrialdetan oraindik ere kriminalizatuta eta zigor arloan jazarrita daude sexu bereko pertsonen arteko harremanak. Gainera, herrialde horietan, gorrotozko diskurtsoa eta krimenak zigortu gabe geratzen dira eta, areago, horiek egiteko burua berotzen dute herri-erakundeek berek. Munduko toki askotan eguneroko gertakaria izan ohi da lesbiana, gay, bisexual, transexual e intersexualen (LGTBI) kontrako bereizkeria eta indarkeria, eta jokaera horrek giza eskubideen urratze larriak sortzen ditu, bizitzarako eskubidea barne dela. Gure ingururik hurbilenean ere bizirik diraute pertsona horienganako gaitzespenezko edo gorrotozko jarrera sozialek edo banakakoek. Jarrera horiek gizartearen arbuioa merezi dute eta horien aurka irmoki borrokatu behar da.

Arartekoak elkartasuna eskatu nahi die gure erakundeei eta euskal gizarte osoari, elkartasuna besteak ez bezalakoa izate hutsagatik edo beste modu batean maitatzeagatik jazarpen krudel eta onartezin hori pairatzen duten pertsona guztiekin, gure mugen barruan edo horietatik at. Berriro ere gogorarazi nahi die oso garrantzitsua dela beste herrialde batzuetan arrazoi horregatik jazarriak diren pertsonak babestea eta hartzea.

Orobat, egun horretarako 2017ko deialdiarekin bat eginez, Arartekoak aldeztu nahi du pertsona guztiek, edonolako sexu-joera edo genero-identitatea dutela ere, familia bat osatu ahal izatea, eta beharrezko babes publiko eta soziala aurkitzea, inolako bereizkeriarik gabe garatu ahal izan daitezen.

Arartekoak eutsi egiten dio LGTBI pertsonen eskubideen arloan hartu zuen konpromiso sendoari, eta euskal gizartea sentikorrago bihurtzen jarraituko du honako gai honetan: oso premiazkoa da pertsona horien kontrako gorrotozko diskurtso eta portaerak behin betiko erauztea, giza eskubideak errespetatzean oinarritutako kulturan aurrera eginez eta pertsona bakoitzaren berdintasuna eta duintasuna guztiz onartzea sustatuz, benetako gizarte demokratiko orori dagokion moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 17a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad